Deskubrimendua deitu zioten 1492. urteko kolonizazio basati hari. Aldiz, inbasioa deitzen diote interesatu askok gaur egungo migrazioei. Amerika deskubritu omen zen 1492an. Horretarako edozein bide legitimatuz: bortxaketak, ondasunen lapurretak, bortizkeria edonon, edonori, edonola….
Bitartean, ekialdea lasai. Ikas liburuetan ere Ameriketako deskubrimenduaz hitz egiten da, eta mundua lasai! Giza Eskubideen urraketa bortitzaz inolako hausnarketarik gabe. Amerika deskubritu zen, ala Europak utzi zuen agerian bere izate maltzurra?
Ziurrenik ere, hango biztanleek ez zuten aukera gehiegirik izan bizitza salbatzeko, heriotza bat batean iritsiko zitzaien eta. Eta gaur egungo hango biztanleek, orduko sarraski basati zein bortitz haren ondorioak pairatzen ari dira, oraindik eta belaunaldiz, belaunaldi.
Iruditzen zaigu azal zurikooi, egiaren izenean gabiltzala, jarduten dugula. Agian kontzienteki ahaztuz, beste lurraldeetako aberastasunei esker bizi garela bizi garen modu ederrean. Krisi guztien gainetik.
Ezin ahaztu dezakegu, bai Afrika nola Ameriketako baliabideen esplotazioari esker bizi garela hain ederki. Hango biztanleei dagokiena lapurtzen jarraitzen dugulako. Eta orain bizitza salbatzeko helburu duinarekin gurera datozela eta, inbasioaz hitz egiten dugu? Ez al dugu hori baina memoria zein kontzientzia gehiagorik? Benetan?
Hau inbasioa bada, zer izan zen 1492. urtekoa? Agian ez da hori definituko duen hitzik sortu. Eta gu, gure gehiagotasunetik abiaturik, gero eta altuagoak bai, baina alferrikakoak diren hesiak eraikitzen ditugu. Gu akabatzera etorriko balira bezala.
Baina berdin da, ez baitago bizitza salbatzeko beharra geldiaraziko duen inolako neurririk. Humanoagoak izan ordez, baztertzaileagoak bihurtzen ari gara, gu ere. Ez ote da ba, 1492. haren ondorioak jasotzen ari garela?
Dena izaten baita joan-etorrikoa.