Urbasako Igoera, bertan behera

Guaixe 2018ko urr. 4a, 15:56

Sakana Motorsportek hartu du erabakia, “Nafarroako Gobernuak azken orduan egindako eskaerak bete ezinak” zirelako eta "segurtasunean eragina" zutelako. Urbasako Igoerako 50. urteurrenean 100 pilotu aritu behar ziren, onenak tartean

Asteazken gauean zabaldu zen berria, larunbatean jokatzekoa zen Urbasako Igoera mitikoa bertan behera geratu zela. Arraroa zen oso, aurten proba lehenengo aldiz antolatu zela 50 urte betetzen baitziren, eta urte luzean gogor lan egin eta gero, larunbaterako ilusio eta gogo handiz antolatzen ari baitziren 38. Urbasako Igoera. “Sakana Motorsportek XXXVIII. Urbasako Igoera bertan behera uztea derrigortua ikusi du bere burua, probaren 50. urteurrenean”. Ez dago atzera bueltarik. Larunbatean Urbasan ez dira motorren orroak eta zaleen txaloak entzungo.

Urriaren 1ean egindako eskariei ezin erantzun
Erabakia hartzeko azalpenak eman ditu taldeak. “Urbasako Igoeraren 6 edizio eta Olaztiko Rallysprintaren 3 edizio antolatu eta gero, Sakana Motorsport eskuderiak Urbasako Igoera bertan behera uztea eta epe mugagabean lasterketak antolatzen segitzez uztea derrigortua ikusi du bere burua. Bere babesa eman digun jende guztiari oso eskertuta gaude eta haietaz harro gaude. Badakigu Urbasakoa lasterketa konplexua dela, baina Nafarroako Gobernuaren eta tokiko instituzioen aurrean babesgabe sentitzen gara” azaldu zuten, "oso triste eta minduta" daudela gaineratuz.

Sakana Motorsportek abuztuaren 27an egin zituen proba antolatzeko baimena-eskaerak, eskatutako denbora barruan, eta urriaren 1ean iritsi zitzaien  Nafarroako Gobernuko Barne Departamentuko erresoluzio-txostena “proba hasi baino 4 egun lehenago”. Barne Departamentuak bidalitako txostenak Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioko Departamentuaren eskariak (Natura Ingurunearen Zerbitzua) eta Trafikoko Foruzaingoaren eta Bide Segurtasuneko eskakizunak biltzen zituen. "Azkenera arte saiatu gara Urbasako Igoera aurrera ateratzen, baina eskakizun horiek horren epe motzean betetzea ezinezkoa da, batetik, eta, bestetik, ikusten dugu neurri horiek segurtasun arazo handiak sortu ahal dituztela. Horregatik, proba bertan behera uztera derrigortua ikusi dugu gure burua” ondorioztatu du Sakanako eskuderiak.

Erabakiak kaltetutakoak gogoan izan dituzte. “Pilotuei, euren taldeendako dirua ateratzeko gurekin aritu behar zuten boluntarioei, babesleei, zaletuei, Urbasan bildu behar ziren milaka lagunei… sortu ahal izan dizkiegun arazoengatik barkatu, izugarri sentitzen dugu” aitortu dute. Halaber, Nafarroako Automobilismo Federazioaren eta inguruko federazio eta taldeen elkartasuna eta babesa eskertu nahi izan dute.

Eskatutako neurriak
Batetik, errepidea moztea eskatzen da, Ameskoako bidegurutzean, Olaztin, eta Altamirako bidegurutzean, ostiralean 16:00etatik aurrera; baina errepidea larunbatean goizeko 7:00ak eta 10:00ak artean zabaltzea eskatzen du Ingurumenak. "Horrek ibilbidea eta goialdea autoz betetzeko arriskua dakar, errepideko aldeetan barne, proba burutzeko segurtasun arazo handiak sortuz“ diote Sakana Motorsportekoek. "Aurretik arratsalde eta gau osoa bidea itxita izan ondoren, nola zabalduko da larunbat goizean? Behin itxita ezin da zabaldu, segurtasunarengatik" azpimarratu dute eskuderiakoek.

Bestetik, Foruzaingoak exijitzen du errepide mozketa, ostiral arratsaldeko 16:00tik larunbat goizaldeko 7:00etara, antolakuntzako kideek hartu behar dutela bere gain. “Horrek trafiko erregulazioan eta segurtasunean esperientzia ez duten pertsonak arriskuan jartzea dakar. Nola egongo da gutako bat, boluntario bat errepidea isten?  Ez du ez hankarik ez bururik. Horregatik 30 segurtasun enpresa ingururekin jarri gara harremanetan, lana eurei emateako, baina guztia planifikatzeko denbora oso gutxi dela esan digute guztiek” diote antolatzaileek.  

Azkenik, Olaztiko Udalak Urbasako Igoeran ez duela aparteko laguntzarik ematen ere gaineratu du antolakuntzak. “10 hesi uzten dizkigute eta eszenatokia eta beste lortzeko ere zailtasunak izaten ditugu” diote. “Gure indar guztiak jarri ditugu, azkenera arte aritu gara lanean babesgabetasun instituzional honen aurrean. Nafarroako Gobernuaren planteamenduak proba segurtasun minimoarekin antolatzea ekartzen duela jabetu gara, eta horrela ezin da. Segurtasuna da gure lehentasuna, beti, eta ez dugu inoren segurtasuna kolokan jarriko” nabarmendu du eskuderiak.  

Erabakiak hautsak harrotu ditu. Gehienek ez dute ulertzen nola instituzioetatik halako eskariak egin daitezkeen proba antolatzeko lauzpabost egunen faltan, baimena abuztuaren 27tik eskatua zegoenean eta Foruzainek urte bat lehenago lasterketaren berri zutenean.

50. urteurreneko festa ederra prestatzen ari ziren
Urbasako probak zerbait berezia du, erakartzen du. Inguruko pilotu garrantzitsuenek beti nahi izan dute Urbasako 39 bihurgune zirraragarrietan gora aritzea eta ikusleek baita ere. Bezperatik gaua Urbasan pasatzera igotzen ziren zaletu asko, proba segitzeko toki onenak hartzeko, bezperan errepidea isten baitzen.  Egunean ere milaka lagun hurbiltzen ziren, oinez. Aurten, lehendabiziko igoera egin zenaren 50. urteurrena ospatzen zela, oraindik gogo gehiagorekin zebiltzan Sakana Motorsportekoak, ilusioz gainezka.

Data berezia zela eta, 131 pilotuk eman zuten izena, sekulako marka. Antolakuntza kopurua mugatu beharrean egon zen, eta 101 pilotuko zerrenda argitaratu zuten asteazkenean bertan. Tartean zeuden Espainiako Txapelketetako hiru pilotu txapeldunak: Joseba Iraola (NAC M20 FC), Garikoitz Flores (BRC BR53) eta Gerard de la Casa (Subaru Impreza WRC), eta haiekin batera Arkaitz Ordoki (BRC B49), Pantxo Egozkue (PA 20), Iker Palacios (BRC 05 Evo)… Jakina, sakandar ugarik ez zuten Sakanako motorraren festa galdu nahi eta bertan aritzekoak ziren, aipatutako Garikoitz Flores eta Iker Palacios pilotuez gain, Garikoitz Goñi ((Renault Clio Sport), Delfin Goikoetxea (MG Super Seven), Urko Berdud (Renault Clio), Andonio Lopez de Sabando (Renault Clio), Ander Gurmindo (Renault Clio), Eneritz Besga (Citroen Saxo vts), Mikel Mendinueta (Peugeot 205 GTI), Iker Askargorta (Opel Astra) eta Oier Larrañaga (Citroen Ax gt). Tamalez, aurreikusten zen puntako eskakizuna bertan behera geratu da.

Urbasa Igoera 1968-2018 erakusketa
Sakana Motorsportekoak urte osoan aritu dira lanean. 50. urteurreneko kamisetak atera zituzten eta, horretaz gain, Urbasako Igoerari buruzko erakusketa egin zuten Olaztiko Kultur Etxean irailaren 14tik 23ra. Bertan, 50 urte luze hauetako argazkiak jarri zituzten ikusgai eta bideo bat prestatu zuten, igoeratan hartutako irudi ikusgarriez osatutakoa. Larunbatean erakusketa irekitzekoak ziren, baina ez dute egingo.
Erakusketa behar bezala mustutzeko, irailaren 14an Urbasako Igoeran parte hartu izan duten auto mitikoak egon ziren aparkatuta Kultur Etxe aurrean: Renault Alpine bat, Porsche bat, bertako autoak…

Horretaz gain, Urbasako Igoeran parte hartu duten pilotu batzuk euren bizipenen berri eman zuten, Sakana Motorsport taldeko Javier Goikoetxea kopilotuak gidatutako hitzaldian. Hitza hartu zutenen artean zeuden Pantxo Egozkue pilotu mitikoa, Garikoitz Flores lakuntzarra, aurtengo Espainiako Igoeren 2. Kategoriako txapelduna, Esteban Cartzia Campiejo pilotua, Jesus Urdanoz pilotua, Carlos Aldecoa pilotua… Sakanako Motorsportetik ere adierazi ziguten Urbasako Igoeran aritu zen lehen gidari olaztiarra, Felipe Echarri, erakusketatik pasatu zela.  

1968-2018, historia laburra
Real Automovil Club Vasco Navarrok antolatu zuen Urbasako Igoera lehen aldiz, 1968an. 43 pilotuk hartu zuten parte eta Claudio Aldecoa gasteiztarrak irabazi zuen. Beatriz Doria iruindarra ere aritu zen eta 15.a sailkatu zen.

Pilotu sakandar aitzindariak Jose Luis Goikoetxea iturmendiarra –1970.eko edizioan aritu zen lehenengoz– eta Fernando de Felipe altsasuarra –1971an estreinatu zen– izan ziren. Baita Jose Ignazio Sunsundegui altsasuarra ere, Monacoko Rallyan aritzera heldu zena. 70. hamarkadan Urbasako Igoerako urrezko urteak izan ziren. Joaquin de Leon, Jesus Saez de Buruaga eta Esteban Garcia Campijo ziren pilotuetako batzuk, eta aipagarria da Jorge de Bagration-Mukhranelli Georgiako printzearen parte-hartzea ere,  1970 eta 1971ko edizioak irabazi zituena.  

Urbasako Igoera proba garrantzitsua zen. Espainiako Mendi Txapelketarako baliagarria izan zen 1982 urtera arte. Data aldakorra zen, eta sarritan data aldatu behar izan zuten, elurra eta beste zirela. 1973. urtean ibilbidea laburtu behar izan zuten, errepidearen egoeragatik. 1978an ez zen ospatu.

Sabadelleko Juan Fernandezek sei aldiz irabazi zuen Urbasako Igoera. 1979 urtean lehen pilotu olaztiarra estrenatu zen herriko proban, Felipe Echarri. 80. hamarkadan Pantxo Egozkue izan zen nagusi; Urbasako Igoera lehen aldiz irabazi zuen pilotu nafarra izan zen. Eta 90. hamarkadatik 2000 urtera Aitor Zabaleta, Gerard de la Casa eta Andres Vilariño izan ziren izarrak. Ondoren, Ander Vilariño eta Iñigo Martinezek hartu zuten erreleboa.

Aipatzekoa da barketak eta auto prototipoak direla Urbasako Igoerako autorik ikusgarrienetakoak. 1970. hamarkadan hedatu ziren. “1972an Iruñeko bajera batean Antonio Gracia Pachellik, Patxi Mateok eta Enrique eta Jesus Urdanozek sortutako Naia barketa Urbasako Igoerari lotuta dago nahi ta nahi ez” adierazi dute Sakana Motorsportekoek.

Urbasako Igoerak Espainiako Txapelketarako puntuagarria izateari utzi zionez, Real Automovil Club Vasco Navarrok arazoak izan zituen proba aurrera ateratzeko, eta 1987 eta 1991 artean ez zen ospatu. 1992. urtean Pantxo eta Carlos Egozkuek eta Escuderia Purroyk hartu zuten probaren ardura eta sekulako jendetza bildu zen Urbasako Igoera jarraitzera. 1994 urtean San Fermin Eskuderiak hartu zuen ardura 2004ra arte. Lesakako Eguzki Sportek hartu zuen ardura eta 2008ra arte, eta urte horretan pertsona bat hil zen zorigaiztoko istripu batean.

Urbasako Igoera berreskuratzeko asmoz, Sakana Sport eskuderia sortu zuten hainbat pilotu, kopilotu eta zaletu sakandarrek. Hurrengo urtean, 2011n, Urbasako Igoera antolatu zuen, lehenengoz, Sakanako talde batek. Eskuderiak beti Sakanako talde eta kolektiboekin lan egin izan du, Olaztiko eskolak, Olaztiko Gazte Asanblada eta Guaixe astekaria, esateko. Aurten, Nafarroa Oinezekin elkarlanean aritzekoa zen.

Eta ezin ahaztu pilotu sakandarrak. Olaztin, bereziki pilotu handiak sortu dira: Francisco Harbina “Harby”, bere Simca Rallyarekin, Raul Lopez “Patxu”, Iban Lopez de Goikoetxea, Joseba Aldaz, Aitor Fernandez, Javier Goikoetxea, Iker Azkargorta… eta haiekin batera egungo Espainiako Mendi Txapelketako 2. Kategoriako Garikoitz Flores, Garikoitz Goñi, Iosu Muñoa, Joaquin Gonzalez, Alain Ribero, Gerardo del Rio, Delfin Goikoetxea, Iñigo Zelaia, Gorka Arbizu, Arkaitz Irigoien, Iñaki Gastaminza, Oier Larrañaga, Eneko Aristu… pilotu eta kopilotu zaletu ugari ditugu gurean.