Goi mailako arte eszenikoen ikuskizunak Sakanan

Guaixe 2018ko urr. 9a, 11:36
Dinamo Danza konpainia. DINAMO DANZA

Altsasun, Olatzagutian eta Etxarri Aranatzen izanen dira Nafarroako Gobernuko Kultura Sailak antolatutako arte eszenikoen ikuskizunak

Urria eta azaroa bitartean Nafarroako Arte Eszenikoen Zikloaren ikuskizunak izanen dira Nafarroako 29 herritan. Guztira 35 ikuskizun programatu dituzte, 21 konpainiaren eskutik. Haietako hiru Sakanara iritsiko dira; Altsasun, Olatzagutian eta Etxarri Aranatzen izanen dira zikloaren emanaldiak. Etxarri Aranatzekoa, gainera, zikloaren amaierako ikuskizuna izanen da. Maiatzean eta irailean zikloaren barruan zeuden lau ikuskizun izan ziren, besteak beste, Irurtzunen izan zen Todos los musicales o casi Demode Quartet taldearen ikuskizuna.

Nafarroako Antzoki Sarea proiektuaren kudeatzailea eta sustatzailea da eta haren bazkide diren gune eszenikoetan izanen dira emanaldiak. Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteria Sailarekin batera antolatu du zirkuitua. Egitaraua osatzeko orduan antolatzaileek "antzerki ausartago baten alde apustu egiten duten konpainien eta ibilbide luzeko erkidegoko konapinien ekoizpenak" kontuan hartu dituzte. Zirkuitua antolatzen laguntzeko Antzoki Sareak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatu dute: Kultura Sailak 125.000 euroko diru laguntza eman du. Zirkuitua antolatzeko aurrekontua 165.000 eurokoa da.

Zikloaren helburuetako bat arte eszeniko minoritarioen kontratazioa sustatzea da. Beraz, zikloan parte hartuko duten ikuskizunen %13a dantza ikuskizunak izanen dira. Olatzagutian azaroaren 25ean izanen den Transoceanica ikuskizuna da horietako bat. Transoceanica Carmen Larranz eta Uxue Monteroren ikuskizuna da eta naturaren arteko harremana ikertzen du. Koreografia-proiektu bat da; dantzarekin, argakiarekin eta soinuarekin ikertzen duena.

Altsasuko arte eszenikoen zikloko proposamena Gretel y Hansel ipuin musikatua da. Grimm anaien ipuinaren moldaketa da. La Teatreria konpainiaren ikuskizuna da. Urriaren 26an, 19:00etan, izanen da emanaldia Iortia kultur gunean.

Nafarroako Arte Eszenikoen Zikloaren amaiera ikuskizuna Etxarri Aranatzen izanen da Soka ikuskizunaren emanaldiarekin. Tanttaka konpainiaren ikuskizuna da eta haren aktore bakarra, Iñaki Iriarte, 2017ko Max antzerki sarietara hautagaia izan zen. Euskarazko bertsioa eskainiko dute Etxarri Aranazko kultur etxean, azaroaren 30ean.