Bertako produktuak sukaldeko izar

Guaixe 2018ko urr. 4a, 19:26
Udaberrian egindako ikastaroan Ana Carmen Uharte azalpenak ematen. Argazkia: Xalok.

Sakanako txekor eta euskal txerri haragia prestatzen ikasteko tailerrak lastailean eta azaroan.

Udazkena 0 km sukaldaritza tailerrak antolatu ditu Sakanako Garapen Agentziak (SGA). Udaberrian egin bezala, agentziak Sakana bertako produktuekin otordu osasungarriak nola prestatu daitezkeen erakutsi nahi digu sakandarrei. Horretarako, udaberrian tailerrak eman zituen bikote bera ariko da oraingoan ere irakasle lanetan: Ismael Alegria (Kale Txiki tabernako sukaldaria) eta Ana Carmen Uharte (Xalok-eko dietista nutrizionista).

Lastaileko hiru saioetan Sakanako txekor haragia prestatzen irakatsiko dute. Lastailaren 10ean bazkari eta afari menuak prestatuko dituzte. Lastailaren 17an menu dotorearen txanda izanen da eta, despeditzeko, lastailaren 24an barrukiak prestatuko dituzte. Hiru tailer horiek Ziordiko Errekakartea elkartean izanen dira.

Azaroan euskal txerrikia prestatzeko lau tailer eginen dira Arbizuko Aldabide elkartean. Aurrenekoa azaroaren 7an izanen da eta bazkari-afari menuak prestatzeari eskainia izanen da. Azaroaren 14an menu dotorearen txanda da. Hurrengoan, azaroaren 21ean ttuper-menuaren txanda izanen da eta, despeditzeko, Dastatu Sakana saioa izanen da. Tailer guztiak 19:00etan hasiko dira.

Izen ematea
Sakanako Garapen Agentziara hots egin 672 688 591 telefono zenbakira edo nviana@sakanagaratzen.com e-posta helbidera idatzi. Produktu bateko tailerreko saio guztietara edo saio soltetara joateko aukera dago. Tailer guztiko matrikula 12 eurokoa da. Saio solteetakoa 5 eurokoa.