Mintzakide, euskaraz suelto aritzeko modua

Guaixe 2018ko urr. 8a, 11:47
Irurtzunen familia-mintzakide irteerak egin zirenekoa.

Euskara hitz egiteko aukera handirik ez duenak, edo ikasten ari denak hizkuntza praktikatzeko. Horiendako propio sortutako programa da Mintzakide. Astean behingo hitzordua da eta dagoeneko izena emateko epea zabalik dago.

Hizketatu, mintzatu, solas egin, elekatu, xardoki… Hitz egitea esateko modu asko daude euskaraz. Eta euskaraz aritu nahi eta norekin ez dutenak hainbat dira gure inguruan. Edo euskara ikasten ari direnak eta praktikatu nahi dutenak era badira  Sakanan. Haiendako guztiendako pentsatuta dago Mintzakide programa.

Astean behin ordu batez euskaraz hizketatzeko gelditzen dira. Talde txikietan eta nahi duten jarduera egiteko. Batzuk kafe baten bueltan elkartzen dira, beste batzuk pasieran ibiltzen dira, zinemara joanez, mendi buelta egin… Talde bakoitzak erabakitzen du noiz, nola eta non elkartzen diren. Euskaraz hizketatzeko gogoak batzen ditu. Haiekin, betik, euskaraz jarioa duen bat egoten da, bideratzaile lanak egiten.

Mintzakide euskaraz hitz egiteko segurtasuna hartu nahi dutenendako aukera aproposa da. Gainera, bere inguruan dauden jende euskaldun batzuk ezagutzeko aukera izanen du. Hizkuntza ikasten ari direnen  ikasketa prozesuan bultzada ematen du, belarria egin eta mihia askatzeko balio baitie. Hizkuntzaren ezagutza maila guztiendako baliagarria da programa. Gainera, Euskaraldian parte hartzeko entrenamendu bikaina izan daiteke. Hori guztia, dohainik.

Izen ematea zabalik
Mintzakide programan parte hartu nahi duenak izena emateko lau bide ditu: 600 482 024 telefono zenbakia, sakana_mintza@aek.eus e-posta, Facebook-eko Sakanako Mintzakideak profila edo AEKren Itsasi euskaltegitik pasatzea (Altsasuko Gartzia Ximenez 46. zenbakia). Izen ematea zabalik dago. Eta, dagoeneko, Mintzakide talde batzuk hasi dira biltzen. Ihabarren eta Arbizun sortutako taldeak bilduko diren eguna, ordua eta lekua zehazteko dute.

Talde horietan sartzeko aukera dago. Baina berriak sortzeko aukera ere. Horregatik, Mintzakide programako arduradunek  haiekin harremanetan jartzeko  gonbidapena luzatu dute.

 

Mintzakide taldeak
Herria Eguna Ordua Tokia
Irurtzun Asteartea 09:05 Pikuxar
  Ostirala 17:00 Pikuxar
       
Arakil Astelehenak* 19:00 Egoitza ibiltaria
       
Ihabar Zehazteko    
       
Arbizu Zehazteko    
       
Urdiain Asteazkena 19:00 Liburutegia
       
Altsasu Astelehena 16:00 Koxka taberna
  Osteguna 20:00 Lezea taberna**
  Ostirala 09:00 Kaixo taberna
       
Olatzagutia Asteazkena 17:00 Agedi okindegian
       
Ziordia Asteartea 16:00 Liburutegia
       
       
*Astelehen Zoriontsuak hilabetean behin liburu, film edo gai baten inguruan hizketatzeko hitzordua.
**Altsasuko euskalkia praktikatzeko taldea.