Batuari buruzko Satrustegiren iritziak

Guaixe 2018ko urr. 5a, 10:48
Euskaltzaindiako kideak Arantzazun 1968an. Argazkia: Euskaltzaindia.

Arantzazuko 1968ko Euskaltzaindiaren biltzarrean arbazuarra moderatzailea izan zen. Euskara batuari buruz zituen iritziak han-hemen jasoak daude. Guk Principe de Viana aldizkariko euskarazko gehigarrian argitaratutakoei erreparatu diegu.

Euskaltzaindiak Arantzazutik mundu zabalera (1968 2018) XVIII. nazioarteko jardunaldia abiarazi zuen atzo eta bihar despedituko da. Akademiaren mendeurrenean euskara batuaren mugarri izan zen 1968ko Arantzazuko biltzarra gogoan, hizkuntza estandarrak egindako bideaz, egungo egoeraz eta erronkez ariko dira bihar arte.

Duela 50 urteko biltzar hartan Jose Mari Satrustegi euskaltzain arbazuarrak parte hartu zuen. Moderatzailea izan zen eta bere egitekoa eztabaidak bideratzea eta hitz egiteko txandak errespetaraztea izan bere egitekoa. Biltzarrean izan zen Patri Urkizuk gogoan duenez, “izugarri lan ona egin zuen”. Hala adierazi dio Zazpika aldizkariari (2018-09-30). Satrustegik berak hizkuntza estandarraren inguruan bazuen iritzia eta hori ezagutzeko Principe de Viana aldizkariaren euskarazko gehigarrian argitaratutako artikuluetara jo dugu.

Batzarraren aurretik
Satrustegi aipatu gehigarriko kolaboratzaile fina izan zen. 1966ko otsailean argitaratu zen estreinakoz eta apirileko 3. zenbakirako arbazuarrak Zorigaiztoko h bat artikulua idatzi zuen.  Gehigarriaren aurreko bi zenbakietan "H madarikatu bat" agertu zela eta kexua jaso zuten, hura ez omen zen bidea: "erraz alde jota ere, aski lan izango du euskerak. Esaten ez diren guziak kendu eta kitto!!"

Jasotako kexu harri erantzunez, Satrustegik nabarmendu zuen gehigarriaren asmoa "Naparroko eskualdun famili guzitan sartzea" zela. Aitortzen zuen Nafarroan h-ren aldekoak eta kontrakoak zeudela. H-ak batzuetan ez zuela arazorik sortzen (zar edo zahar) baina besteetan bai (ari eta ahari edo zur edo zuhur) gaineratu zuen. Artikulua halaxe despeditu zuen arbazuarrak: "alderdikari izatea laike erabat alde batekoekin edo bestekoekin joatea. Bide erdi bat badago: bakoitzak beretik eskinak berdintzea. Artu, esate baterako, guk h bat (eman dezagun bokal artekoa), eta utzi, beste alderdikoek, gutxi balio duen beste bat (urthe, senhar eta modu hortakoak). Batasuneko bidean pausu bat emana legoke. Aberastu nahi ez duenak, pobre izateko bidea merke du".

Biltzarraren urtekoak
Arbazuarrak Batasuna izenburuko artikulua argitaratu zuen 1968ko garagartzaroko zenbakian. Hala hasi zen: "azkenaldi hontan euskeraren batasuna agotan da. Agotan eta buru-hauste gogo- rretan. Aspaldi beharra! herri atzeratuen kontua da, txoriari kaiola bezala, auzoari hesia egin eta aldekoen berri ez jakite". Zer egin galderari hala erantzun zion: "lehenbizikorik elgarren arteko aztapuak kendu. (…) Euskera guziak badute beren alderdi ona eta maila berean behar dute sartu. Orduan etorriko da elkarrizketa. Bestela, betiko istiluak. (…)"

Bete beharreko oinarri hitzartu batzuen beharra sumatu zuen: "Oinarritako lehenbiziko legea jatortasuna. Ez hizkuntza baten edo bestearen jatortasuna, hitz bakoitz edo joskerena. Bigarren hedadura, nundik nora zabaldua den. Esan nahi da, jatortasun berdineko pundutan, ezagunena aurrean dela jokatu. Gero besteak. Azkenekotz, gerta laike gehienik zabaldua denak beste leku batzutan ez hori adieraztea. Esate baterako, eztai = boda. Hau da naski zabalduena. Halare, kontuan eduki behar, eztai = bizitegi Baxenabarren. Eta nolabeit ezkontzako festari ezteiak".

Arbazuarrak hala laburbildu zuen bere ideia: " elgarrenganako begiramendurik haundienarekin hartu beharra daukagu batasunaren eginkizun hau. Ez ginuke ez garaile eta garaiturik gure artean behar".

Arantzazuko Biltzarrari buruz lastaileko zenbakian Batasuna izenburuko beste artikulu bat argitaratu zuen Satrustegik, eta zera zioen: "Euskaltzaindiak bere urre ezteietan lan iraunkor bati lotu nahi izan du eta ez zaio iduritu batasunarena baino beharrezkoagorik bazenik gure artean. Berdin idatzi behintzat, nahiz eta ez berdin esan gauzak. Beste hizkuntzetan gertatzen dena". Biltzarraren martxaz: "saio luze eta sakonak, alde batetikan, eta bestetik iritzi desberdinak. Baino jendetasun haundiarekin joan dira gauzak eta azkenean argia atera da". Ortografia, morfologia eta hiztegiaren batasunak egin zirela esan eta gaztigatu zuen: "Batasuna ez du Euskaltzaindiak egin behar, ezin luke egin. Batasuna euskaldun guzion egitekoa da. Euskal Akademia gidari dela. Orain ikusiko da zer-nolako haria dugun bakoitzak eta sakonagoko lanik etor laiken honen atzetik. Euskeraren eta Euskal Herriaren onerako batu gaitezen denok".

Jose Antonio Arana Martija, Luis Villasante eta Jose Mari Satrustegi Arrasaten, 1972ko abenduaren 23ean. Argazkia: Eresbil.


Ondorengo urteak
Arruazukoak Batasunaren alorrean artikulua eman zuen 1970ko aurreneko zenbakian. Hizkuntza estandarraren inguruan "era askotako" iritziak zeudela aipatu zuen. 60ko hamarkada erdialdean Iruñean izandako bilera batean entzundakoa gogora ekarri zuen: "«berrogeita hamar urteko gurutze-bide latza ibili ginuen batasunera iritxi baino lehen» esan ziguten katalandarrak Iruñeko bileran. Bide bera baderamagu ere, negargarri litzake gutaz beste horrenbeste esan beharra norbaitek. Nolanahi dela, gurekin edo gu gabe, batasunarena da etorkizuna".

Euskaltzain arbazuarrak gaineratu zuen: "batasunaren alorra arantzaz josia harrapatu du, giroa gogor". Urte berri hartarako ametsa ere idatzia utzi zuen: " alkar hartu, bideak zelaitu, euskera batu... zer amets ederra!"

Urte bereko martxoan Gipuzkera edo euskara batua? artikuluan h-aren ingurukoa hala laburtu zuen: "H zaleak, eskualde guzitara ideki nahia ikusten dute letra muttuan. Euskeraren batasun zabala. Anai arteko berdintasun. H-ren etsaiak, ikasia dute lehengo, oraiko eta betiko euskera nagusia, eta ez dute inungo txertorik nahi. Batasuna bai, baino berena". Arantzazuko biltzarra gogora ekarri zuen: " alderdi baten hitza bakarrik entzun omen zen Arantzazun. Ametsetan ez banabil, han zuen alderdi ixil horrek esan «beste batasun bat zertako!», euskeraren batasuna erdi egina zegola eta beste erdia bide onez zijoala. Gipuzkeraz zela gehienik idazten eta gipuzkera, gaurkoan, gehienik mintzo. Utz ginezan bidea zabalik, gipuzkerak ekarriko zuela euskeraren batasuna".

Satrustegik bere iritzia eman zuen idatzi hartan: "Arantzazun esandako prointziarren batasunari bultzada ederra eman zaio Naparroan". Gaineratu zuen h-ak "buruhauste gutxi" ematen zizkiola gaineratu zuen: "batasunaren auzia ez baidago h kontuan, edozein eskoletako haurrek egun gutxiz hartzen dute. Besterik da azpitik dabilen jokua. Hitz gutxitan esateko, gipuzkera edo euskera batua hartu, dago zalantzan".

Manuel Lekuona euskaltzainburuaren "neutraltasuna" kritikatu zuen ere. "Berea ez dena baztartu eta berea besterenean leporaino sartzea, ez da neutral hitzari dagokion jokabidea. (…) Ez gatoz hortan zurekin batera. (…) Eman bezaigute ikasienek batasun jatorraren argibidea, eta izan dezagun besteok ikasleen mailan entzuteko apaltasuna".

Aipatutako artikuluak, eta gehiago, Andres Iñigoren Jose Mari Satrustegi: ereile eta lekuko (2005, Euskaltzaindia / Nafarroako Gobernua) liburuan daude jasoak.

Erlazionatuak