Puntu banaketa Altsasuko derbian

Guaixe 2018ko urr. 8a, 12:28

Argazkia: Lagun Artea.

Erregional maila. 5. jardunaldia: Altsasu 1 – Lagun Artea 1

Erregional mailan dabiltzan bi taldeen arteko derbia hartu zuen igandean Dantzalekuk. Altsasu eta Lakuntzako Lagun Artea aritu ziren nor baino nor. Partida oso lehiatua izan zen eta bi taldeak paretsu ibili ziren. Javi Guisadok Altsasu aurreratu zuen 17. minutuan eta berdinketa lortzeko borrokatu ziren Lagun Arteako mutilak. Lakuntzarrek onartu zutenez, ez ziren eroso aritu, baina 89. minutuan Yonathan Davilak berdintzea lortu zuen eta puntu banaketarekin despeditu zen derbia.

Erregional mailako lehen multzoko liderra Lagunak B taldea da (13 puntu). Lagun Arteak lidergoa galdu du eta bigarrena da, liderraren puntu berberekin (13 puntu). Eta Altsasu laugarrena da (10 puntu). Asteburuan Lagun Arteak sailkapenean azkena, 12.a den Salesianos taldea hartuko du Zelai Berrin eta sailkapenean azkenaurrekoa, 11.a den Liceo Monjardinen kontra arituko da Altsasu.