"Ttap" aldizkari digital eta multimedia Nafarroara iritsi da

Guaixe 2018ko urr. 10a, 08:28

Nafarroako 0 zenbakian, Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu elkarrizketatu du Euskalerria Irratiko Juan Kruz Lakastak. Gauzak ongi, eta proiektua aurrera eramateko babesa sendotzen bada, 2019an Ttap-ek Nafarroako edizioa izanen du. Aldizkari digital eta multimediaren Nafarroako 0 alea gaurtik aurrera deskarga daiteke www.ttap.eus webgunearen bidez.

Sortu berria da Ttap aldizkari digital eta multimedia. Lehen urratsak Bizkaiko eta Gipuzkoako edizioekin egin ditu. Orain, Nafarroan eman nahi du aurrerapausoa. Gaur, Nafarroako 0 zenbakia karrikaratu du. Eta gauzak ongi,  eta proiektua aurrera eramateko babesa sendotzen bada, 2019an Ttap-ek  Nafarroako edizioa izanen du. Aste honetan, aldizkari digital eta multimediak edizio bakarra izanen du, Nafarroan ondutakoa, Euskal Herri osorako.

Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu umoretsu bezain zorrotz mintzatu zaio Juan Kruz Lakastari 0 ale honetako elkarrzketa nagusian, musikaz, literaturaz, politikaz, bizitzaz. Lekunberrikoak hainbat perla utzi ditu: “Euskal rockean nostalgia jada ez da zena”, “Berri Txarrak Euskal Herriko jostailuzko mainstream-ean dago. Aspaldi galdu genuen cool txartela”, “Noizbait euskararen aurkako ezinikusia eskertu beharko diegu: Berri Txarrak erreakzio moduan sortu zen”.

Halaber, 0 zenbakiaren barruan gozatu ahal izanen dira Garazi Arrula idazlearen zutabea, Joseba Beramendi Exprairen ilustrazio animatua, Josu Santesteban argazkilariaren Iruñeko Alde Zaharreko patio ezkutuei buruzko irudi sorta, eta Karrikiri Elkarteko kide Irati Majueloren liburu gomendioa.

Digitala, multimedia eta gertukoa
Ttap aldizkari digital eta multimedia eskuko telefonoetan eta tabletetan irakurri, ukitu, ikusi eta entzun daiteke. Izan ere, "edukiak hainbat formatu eta euskarritan lantzen ditugu, erabiltzaileari esperientzia atsegin eta interesgarria eskaintzeko. Hau da, testuekin batera, bideoak, audioak eta eduki interaktiboak eskaintzen ditugu", azaldu du aldizkari digitaleko zuzendari Monika Belastegik.

Edukiari dagokionez, gertuko gaiak landuko ditu, era azkar eta erosoan kontsumitzeko moduan, baina eguneroko presatik ihesi. "Batez ere, inguru urbanoan eta garraio publikoan kontsumitzeko egingo dugu, telefonoa aldean hemendik hara dabiltzan horientzat", dio Belastegik. Edukietan sakondu nahi duenak beti izanen du horretarako aukera, mimo handiz landutako audio eta bideo piezen bidez".

Katalanekin elkarlanean
Ttap-en oinarria Kataluniako Esguard aldizkaria da. Hark sei urteko ibilbide oparoa du. "Publikoak oso ondo erantzun dio, han, formatu berri horri. Esguard-en azken urteetan pilatutako esperientzia Ttap-en baliatu nahian, elkarlanean oinarritutako proiektua jarri dugu martxan", azaldu du Belastegik.  

Esguard-en formatu digitala Nafarroara egokitzeko, Euskarabidearen laguntza jaso du proiektuak. Euskal Herriko eta Kataluniako hainbat hedabide dira aldizkari digitalaren bultzatzaileak: Goiena, Anboto, Baleike, Tokikom eta Esguard hain zuzen ere. Nafarroako 0 zenbakia Euskalerria Irratiak koordinatu du.

Nola deskargatu
Ttap aplikazioa App Store-n zein Google Play-n erraz aurki daiteke deskarga egiteko. Nolanahi ere, are errazagoa da www.ttap.eus webgunean sartzea eta handik abiaturik egitea deskarga. Sakelakoan edo tabletean aplikazioa instalatu eta gero, arazorik gabe deskargatu ahal izanen da Nafarroako 0 alea.