Presoen urruntzea salatzeko hitzorduak

Guaixe 2018ko urr. 11a, 18:52
Larunbatean Etxarri Aranatzen egindako giza katea. Argazkia: utzitakoa.

Etxarriko giza katearen ondoren, hilaren 20an Donostian deitutako manifestaziora deitu dute eta autobusak antolatu dituzte.

Orain Presoak dinamikak deituta makina bat etxarriarrek eta sakandarrek bat egin zuten Etxarri Aranatzen larunbat iluntzean. Etxean nahi ditugu lelopean presoen urruntzearen kontrako giza katea egin zuten plazan. Sare herritarrak gogorarazi duenez, 40 preso nafar daude Frantzia eta Espainiako kartzeletan, haietatik 39 euren etxeetatik ehunka km-tara urrunduta, tartean 6 etxarriar. Haiek bisitatzeko senideek eta lagunek, bataz beste, 650 km egin behar dituztela eta errepidean dagoen istripu arriskuaz eta horren ondorioez (16 hildako) gaztigatu du. “Milaka kilometrotara urrunduak diren eta giza eskubideak urratuak zaizkien euskal presoen egoerari irtenbidea ematea” eskatu zuten,

Sakandarrei beste hitzordua baten berri emateko erabili zuten larunbatekoa: Donostian, hilaren 20an, 17:00etan abiatuko den Orain presoak manifestazioa. Indarrean den espetxe politikaren aldaketa beharra aldarrikatuko dute. “Herritar oro gonbidatu nahi dugu gurekin batera bakearen eta elkarbizitzaren norantzan ekitera eta espainiar gobernuari urratsak determinazioz emateko, hitzetatik ekintzetara igarotzeko, eskatzera”.

Manifestaziora autobusez joan nahi duenak honako tokietan eman dezake izena: Irurtzunen Pikuxar tabernan, Lakuntzan Sorginak eta Apur tabernetan, Arbizun Aralar, Arrauts, Argi Bidea eta Baxerri tabernetan, Etxarri Aranatzen Xapatero eta Lekuona tabernetan eta Altsasun Biltoki eta Lezea tabernetan.