Sakandarrak Iruñeko Intsumisio plazan

Guaixe 2018ko urr. 13a, 10:41
Bazkarian elkartu ziren sakandarrak. Argazkia: Jaxinto G. Viniegra.

Iruñeko kartzela zaharraren lau pareta artean denboraldi luzeak egin zituzten intsumisoak, haiei bisitan joaten zirenak eta hainbat modutan babesa ematen zieten senide, lagun eta erakunde antimilitaristetako ordezkariak. Asko izan ziren Iruñeko Intsumisio plazaren mustutzera joan ziren sakandarrak aurreko larunbatean. Ondoren antolatu zen bazkarian ibarreko hogei bat intsumiso izan ziren.

 Haietako gehienak Sakanako Antimilitarista Taldean (GAS-SAT) antolatuak zeuden. Erakundearen artxiboa Nafarroako kontzientzia objekzioa eta intsumisioaren mugimenduen ibilbideari buruzko dokumentu funts batean bukatuko du. Nafarroako Memoriaren Institutua horretan ari da duela aste batzuk. Ikerketa taldea sortu da eta haren buru Pedro Oliver Olmo da, Gaztela Mantxako Unibertsitateko Historia Garaikideko irakaslea eta Kartzelaren Historiari eta Erakunde Zigortzaileen  inguruko Ikerketa Taldeko koordinatzailea da. Intsumiso izateagatik Iruñeko espetxean preso egon zen ere.

Memoriarako hiru ardatz
Kontzientzia eragozpen eta intsumisio memorien artxiboa sortzeko ikerketarako lau ardatz ditu.  Batetik, Nafarroako kontzientzia eragozpen mugimendua bere historia testuinguruan eta bakerako kulturaren eraikuntzan egindako ekarpena kokatzea. Ekintzaileekin, analistekin eta garaiko kazetariekin elkartuko dira horretarako. Bestetik, egunkari eta ikus-entzunezko iturrien katalogoa osatuko da. Hirugarrenik, kontzientzia eragozleen kolektiboen bizitza ezagutzea eta haien artxiboak inbentariatzea. Ekintzaile, senide, arduradun politiko, funtzionario eta bestelakoekin bilerak eginen dira, nork bere bildumak nola egin azaltzeko.