Zazpi eskola publiko hezkidetza trebatzen

Guaixe 2018ko urr. 14a, 13:11
Irakasleendako egindako hezkidetza ikastaroaa. Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Irakasleak trebatzen ari dira “Nafarroako ikasleek berdintasunean bizitzeko beharrezko gaitasunak gara ditzaten”.

Skolae programa Hezkuntza Departamentuak diseinatu du parekidetasuna eta hezkidetza nafar hezkuntza sisteman txertatzeko. Skolaek gaitasun hori definitu egin du gure ikasleek euren bizi-proiektu propioa hauta dezaten, aniztasunetik, genero baldintzarik gabe, desberdintasuna identifikatzen jakin dezaten, euren kontra egiten jakin dezaten eta euren berdintasun eskubideaz balia daitezen, kultura, erlijio, gizarte klase edo egoera funtzionala dena delakoa izanda ere.

Skolae programaren barruan irakasleek aurrez-aurre trebatzeko jardunaldia izan zuten irailaren erdialdean. Jardunaldi horretan jasotakoa online trebakuntzarekin osatuko dute kurtsoan zehar. Hezkuntza Departamentuak jakinarazi duenez, aurreko kurtsoan 16 zentrotan programa pilotua egin zuten. Herrialdeko hezkuntza ziklo guztietako 100 bat ikastetxek eta 1.200 irakaslek parte hartuko dute programan ikasturte honetan, zentro publikoak eta itunpekoak. Ikastetxe bakoitzak erabaki du zenbat irakasle jarri lan horretan eta zenbat tutoretza bideratu, zein izanen den zentroko talde-sustatzailea, diagnosia eginen duen arduraduna eta zentroak izanen duen hezkidetza plana nork osatuko duen. Plangintza horretan jasota egonen dira hobekuntza orokorrak liburutegirako, espazio komunetan, patio eta jolas-lekuetan, hizkuntzaren erabileran, webean jarriko diren irudietan, besteak beste.

Ikasturte honetan irakasleak Skolaeren lau ardatz nagusien irakaskuntzan barneratuko dira: kritika eta ardura desberdintasunen aurrean; autonomia eta independentzia pertsonala; lidergoa, ahalduntzea edo parte hartze soziala; sexualitatea eta tratu ona, Osasun publikoko Institutuarekin koordinatuta. Hezkuntza Departamentuak iragarri zuen Skolae hezkidetza programa datozen hiru urtetan ezarriko duela Nafarroako ikastetxe guztietan.

Zazpi eskola parte hartzen
Lakuntzako herri eskola, Arbizuko herri eskola, San Donato (Etxarri Aranatz), Arrano Beltza (Iturmendi), Urdiaingo herri eskola, Zelandi (Altsasu) eta Domingo Bados (Olatzagutia).