Euskal Herriko erdigunera martxa, igandean

Maider Betelu Ganboa 2018ko urr. 12a, 12:47

Hiru zutabe aterako dira, tartean 8:15ean Unanutik eta 9:30ean Irañetako bordatik, eta Beriain ondoan dagoen EH erdigunean egingo dute bat. Ekitaldia eta bazkaria izango dira ondoren, Irañetako bordan

Urriaren 12an “Hispanitatearen eguna” ospatzen da Espainiar estatuan. Gurean, euskal lurraldetasuna aldarrikatzeko helburuarekin Beriain ondoan dagoen Euskal Herriko Erdigunera ibilaldia antolatzen da azken urteetan. Aurten ere deialdiari eutsi diote Independentistak Sareak, Iratxo mendi taldeak eta Sakanako Mendizaleak taldeek eta iganderako antolatu dute lurraldetasunaren eguna izan nahi duen mendi martxa, urriaren 14an. Irañetako Udalaren eta Nafarroako Mendi Federazioaren laguntza izan dute.

Hiru zutabe aterako dira, EH Erdigunea helburu
Hiru zutabe aterako dira Euskal Herriko Erdigunerantz. Beriain tontorretik hurbil dago, Olibesarioko saroian (1.232 m. Koordenadak: X:586.936 eta Y:4.748). Felix Isasi ingeniariak barizentroaren kontzeptuan oinarrituta kalkulatu zuen Euskal Herriko Edigunea eta monolito bat dago bertan.
Lehen zutabea Unanuko herriko plazatik abiatuko da, 8:15ean, bigarren zutabea Senosiaingo goialdeko askatik, 8:45ean, eta, azkena, Irañetako bordatik, 9:30ean. Behin Erdigunean bilduta, ekitaldia eginen da bertan, 11:30ean. Ondoren, Irañetako bordara jaitsiko dira bildutakoak, 13:30ean pintxo potea izanen baita. Bazkari herrikoia ere bertan eginen dute,15:00etan (helduek 10 euro eta haurrek 5). Informaziorako, www.independentistak.eus web gunera edo 943 561 853 telefonora jo daiteke.