Azpiroz eta Olaetxea txapeldun

Guaixe 2018ko urr. 15a, 12:34

Nafar Kirol Jolasen Eskuz Banakako finalak jokatu ziren Irurtzunen eta San Juan klubean, eta Irurtzun klubeko Azpiroz eta Olaetxea buruz buruko txapeldunak dira 1. mailako kadeteetan eta 1. mailako 22 urtez azpikoan

Nafar Kirol Jolasen (NKJ) Eskuz Banakako finalak jokatu dira asteburuan. Ostiralean Irurtzungo Bi Aizpe pilotalekuak lehen mailako finalak hartu zituen eta larunbat goizean 2. eta 3. mailako finalak jokatu ziren Iruñeko San Juan klubean. Irurtzun klubeko bi pilotarik jokatu zituzten finalak: lehen mailako kadeteetan Azpirozek (Irurtzun) Iriarte (Larraun) izan zuen aurkari, eta 1. mailako 22 urtez azpiko finalean aldiz, Olaetxea (Irurtzun) Arribillagaren kontra (Ardoi) aritu zen.  

Nafar Kirol Jolasen Eskuz Banakako lehen mailako kadeteen txapela ez zen Irurtzundik mugitu. Irurtzun taldeko Azpirozek partida bikaina jokatu zuen eta 18 eta 7 irabazi zion Larraun taldeko Iriarteri. 21 minutuko partidan, Azpirozek 4 tanto egin zizkion sakez Iriarteri eta azken honek, aldiz, sakez tanto bakarra lortu zuen. Hasieran Iriarte aurreratu zen, baina Azpirozek berdindu egin zuen eta hortik aurrera tartea ateratzen hasi zen, garaipen erosoa lortu arte.

Nafar Kirol Jolasen Eskuz Banakako 1. mailako 22 urtez azpiko finalak ikusmin handia piztu zuen. Irurtzun klubeko Olaetxea eta Ardoi taldeko Arribillagak jantzi nahi zuten txapela, eta, azkenean txapela etxean geratu zen, Olaetxeak 18 eta 8 hartu baitzuen mendean Arribillaga. 26 minutu iraun zituen partidan Olaetxeak 6 tanto egin zituen sakez eta Arribillagak bakarra. Bi pilotariak ongi ibili ziren, hasieran nahiko paretsu, laura, bostera eta seira berdindu baitzuten. Baina hortik aurrera Olaetxea aldea ateratzen hasi zen, 8 eta 7tik 16 eta 8ra pasa zen, partida bere alde eramanez, ederki aritu zen eta merezita jantzi zuen txapela, 18 eta 8 irabazita.

NKJ-en Eskuz Banakako finalak
Ostiralean, 16:00etan, Irurtzunen:
1. mailako benjaminak: Laso (Oberena ) 18 / Baleztena (Aurrera) 4
1. mailako kimuak: Goienetxe (Txaruta ) 14 / Rekarte (Oberena) 18
1. mailako haurrak: Garaño (Erreka) 14 / Sanchez (Oberena) 18
1. mailako kadeteak: Azpiroz (Irurtzun) 18 / Iriarte (Larraun) 7
1. mailako jubenilak: Ariztegi (Txaruta) 8 / Oskoz (Oberena) 18
1. mailako 22 urtez azpikoak: Olaetxea (Irurtzun) 18 / Arribillaga (Ardoi) 8

Larunbatean, 10:00etan, San Juanen
3. mailako benjaminak: Zabaleta (Aurrera) 13 / Alkorta (Aurrera) 18
2. mailako benjaminak: Ugartemendia (Aurrera) 18 / Balda (Larraun) 16
3. mailako haurrak: Yaniz (S. Fco. Javier) 17 / Gaskue (Ultzama) 18
2. mailako jubenilak: Irisarri (Lagunak) 18 / Pernaut (P.P.S.S.) 12
2. mailako 22 urtez azpikoak: Torrecillas (Beti Onak) 18 / Ayala (Lagunak) 2