Erradiografiak egiteko Iruñera joan beharrik gabe

Guaixe 2018ko urr. 15a, 13:35
Ossasun etxeko arduradunak, udal ordezkariak eta kontseilaria erradiologia gelan.

Altsasuko osasun etxeak erradiologia zerbitzua mustu du gaur eta Sakana guztiari emanen dio zerbitzua.

Fernando Dominguez osasun kontseilaria presente zela, Altsasuko osasun-zentroko Erradiologia Zerbitzua gaur mustu da. Dominguezek jakinarazi duenez, Irurtzungo, Etxarri Aranazko eta Altsasuko osasun eskualdeetako 23.550 bat pertsonari zerbitzua emanen die erradiologia gela berriak. Horretaz aparte, osasun etxeko larrialdietara joaten diren gaixoek ere erabili ahal izanen dute. Osasunbideko arduradunak nabarmendu du Altsasun gela jartzeak beste osasun-zentroetara, eta bereziki Nafarroako hiriburukoetara, joan beharrik ez izatea ekarriko duela. Osasun etxean aurreikusi dutenez, egunero 15 erradiografia eginen dira.

Dominguez “pozik” azaldu da zerbitzu berriarekin: “osasun-laguntza eskuratzeko hobekuntza garrantzitsua da, joan-etorriak saihesten baititu eta Lehen Arretako taldeen erabakitzeko gaitasuna hobetzen asko laguntzen baitu. Azken horiei ere eskerrak eman dizkie haien ahalegin eta lanarengatik”.

Inbertsioa
Erradiologia-ekipoa jartzeko, eraikina handitzeko obrak egin dira. 110 metro karratuko solairu berria eraiki da. Horretaz aparte, orain arteko espazioak berriz banatu dira, irisgarritasuna eta erabiltzaileen arreta nahiz profesionalen lana errazteko helburuarekin. Osasunbideak 530.000 euroko inbertsioa egin du; horietatik 328.047 euro osasun-etxea handitzeko lanetara bideratu da,  197.890 euro X izpien aparatu digitala eta errobotizatua erosteko eta beste 4.075 euro gelako ekipamendua jartzeko. Zerbitzua martxan jarrita, Altsasuko osasun-etxeko plantillan erradiologian espezialista den teknikari baten postua eta lanaldi murriztuko beste postu bat sortu dira.

Zerbitzuan erradiografia sinpleak eginen dira, batez ere patologia muskuloeskeletikoak (bizkar-hezurra barne) edo toraxen ingurukoak (katarro-prozesuak, pneumonia,…) baloratzekoak. Bestetik, hain ohikoak ez diren beste erradiologia-mota batzuk egin ahal izanen dira, garezur, aurpegi eta sabelaldekoak. Ez da erradiografia fisikorik egiten, formatu digitalean baizik. Horiek Osasunbidearen sareko edozein puntutan ikus daitezke.

Erradiologia-zerbitzua Lehen Arretakoek eta osasun-zentroek erabakitzeko gaitasun gehiago izateko bultzaturiko ekimenen barruan sartzen da; modu horretan, gaixoek diagnostikoak azkarrago eskuratu ahal izango dituzte, joan-etorriak saihestearekin batera.

Osasun kontseilariarekin batera Altsasura etorri da Lehen Arretako zuzendari kudeatzaile Santos Indurain. Osasun-etxeko zuzendaritza-taldeak egin die harrera: Mª Mercedes Alberdi (zuzendaria), Mª Carmen Oiarbide (erizaintza-burua) eta Edurne Arangoa (harrera-buru). Udaletik Javier Ollo alkatea eta Javier Paz osasun kontseiluko burua joan dira.