TÜV Reiland enpresak Iruñean, Donezteben eta Arbizun kudeatzen dituen Ibilgailuen Azterketa Teknikoko (IAT) lantokietan langileek greba eginen dute gaur. Gaurko protestarekin langileek salatu nahi dute lan karga handia dutela eta horri behar bezala erantzuteko langile gehiago behar direla. Aldi berean, lan baldintzak hobetzea ere exijitzen diote enpresari.
Zuzendaritzarekin bileretan dabiltza langileak garagarrilaz geroztik. Zuzendaritzak lan kargari erantzuteko langile falta dagoela badaki. Baita horrek sortzen dituen ondorioak. Alde batetik, erabiltzaileengan, ilara luzeetan hiru ordu ere zain egon behar izatea. Bestetik, lan karga handiak langileengan dituen ondorio fisiko eta mentalak. Langileek gaztigatu dutenez, Urnietako IAT lantokian 23 ikuskari lanean dauden bitartean Iruñean, berriz, 16. Lan plantilla handitzea ezinbestekotzat jotzen dute.
Lan baldintzei dagokienez, gaurko grebarekin bereziki Doneztebeko eta Arbizuko lantokietakoa hobetzea nahi dute. Grebaren deitzaileei bidegabea iruditzen zaie enpresa berarendako lan egiten duten langileek baldintza desberdinak izatea. Langile berrien baldintzak “larriak” direla nabarmendu dute: urtean 1.800 orduko lanaldiak egiteagatik 926 euroko soldata gordina eskaintzen dietelako.
Guztira 50 langile daude grebara deituta gaur. ELA sindikatutik azaldu dutenez, TUV Rheiland enpresak azken 4 urteotan guztira 2,4 milioi euroko irabaziak izan ditu. Sindikatutik Nafarroako Gobernuari ere dei egin diote, kontzesio publikoa luzatu baitiote enpresari beste hamar urterako: "Gobernuak ere badu ardura IAT zerbitzua kalitatez eskaini ahal izateko. Lan baldintzak ziurtatzen direla bermatu beharko luke".