Altuna III.a izango da Ezkurdiaren hurrengo arerioa Lau t’erdian

Guaixe 2018ko urr. 16a, 12:29
Altuna eta Ezkurdia, aurreko partida batean.

Igandean jokatuko dute, Atano III.ean

Atzo Tolosan jokatutako Lau t’erdiko finalerdietako ligaxkako 1. jardunaldiko azken partidarako ikusmina handia zen. Olaizola II.a eta Altuna III.a lehiatu ziren eta Amezketakoa lesiotik ongi osatua ote zegoen, hori zen katedraren jakinmina. Bada, Altuna III.ak erakutsi zuen sasoi betean dagoela, bikain, eta Lau t’erdia irabazteko faboritoen artean dagoela. Sekulako ikuskizuna eman ondoren, 22 eta 12 irabazi zion gipuzkoarrak Olaizola II.ari eta ligaxkan bere lehen puntua lortu du. Pozik zegoen, partida irabazteaz harago, besoan ez zuelako minik izan.

Gauzak horrela, Lau t’erdiko finalerdietako ligaxkako 2. jardunaldiko partidak zeintzuk izango diren badakigu. Ostiralean Urrutikoetxea eta Elezkano II.a lehiatuko dira Balmasedan, larunbatean Olaizola II.a eta Victor ariko dira Labriten, igandean Ezkurdiaren eta Altuna III.aren partida hartuko du Donostiako Atano III.ak eta jardunaldia Tolosako Beotibarrek itxiko du astelehenean, Bengoetxea VI.aren eta Retegi Biren arteko partidarekin.

Ezkurdiak eta Altuna III.ak puntu bana dute eta litekeena da partidako irabazlea zuzenean finalera sailkatzea. Hortaz, asko dago jokoan. Egoera berdinean daude Bengoetxea VI.a eta Retegi Bi. Aldiz, Urrutikoetxea eta Elezkano II.a eta Olaizola II.a eta Victor punturik gabe daude, eta finalerdietako ligaxkako 3. jardunaldirako aukerekin iristeko, asteburu honetako partidetan irabazi beharrean daude.

Ezkurdiak eta Altuna III.ak ostegunean egingo dute material aukeraketa, goizeko 11:00etan, Atano III.a pilotalekuan.

Promesak: Bakaikoa Peio Etxeberriaren kontra, larunbatean Labriten
Promesen mailako Lau t’erdiko ligaxkan Peio Etxeberriak eta Joanes Bakaikoa etxarriarrak puntu bana dute eta Peña II.ak eta Dariok, aldiz, ez dute punturik bildu. Asteburuan bigarren jardunaldia dute jokoan: orain arteko irabazleak, Joanes Bakaikoa eta Peio Etxeberria, elkarren kontra ariko da larunbatean Labriten, eta galtzaileak, Peña II.a eta Dario, elkarren kontra lehiatuko dira igandean, Atano III.ean.