Azkenean iritsi da garaipena

Guaixe 2018ko urr. 16a, 13:20

Bosgarren jardunaldian lortu du denboraldiko lehen garaipena Osasuna Magna Xotak, Palma Futsalen kontra (4 eta 0)

Kostata, baina lortu dute: denboraldiko lehen garaipena ospatu du Osasuna Magna Xotak, ostiralean Anaitasunan Palma Futsalen kontra jokatutakoa. Berdinketa bat eta hiru partida bat galdu eta gero, dagoeneko urduritzen hasiak zeuden Imanol Arregiren mutilak, baina egoerari buelta eman eta garaipen sendoa lortu zuten, airea ematen duten horietakoa.

Palma Futsal liderra hartu zuen Osasuna Magnak Anaitasunan. Palmakoek besoko beltza zutela jokatu zuten, Palmako euriteen ondorioz hildakoak gogoan, eta minutu bateko isilunea gorde zen partida hasi baino lehen. Palmakoak partidarik galdu gabe iritsi ziren Iruñera eta partida konplikatua aurreikusten zen, baina hasieratik motibazio handiarekin aritu ziren jokalari berdeak. Hasieratik gol aukerak sortu zituten, 7. minutuan Dani Saldisek markagailua mustu arte. Palma egoerari buelta ematen saiatu zen eta partida berdintzeko hainbat saiakera egin zituzten, baina ez zituzten gauzatu. Horretaz gain, Osasuna Magnak oso ongi defendatu zuen bere atea.

Atsedenaldia hasi bezain pronto Araçak Osasuna Magnaren bigarren gola sartu zuen. Xotak Palmakoen kontrako presioa areagotu zuen eta Roberto Martilen eta Rafa Usinen golekin lau goleko errenta lortu zuten berdeek. Palma Futsal saiatu zen, baina Asierrek modu ikusgarrian zaindu zuen Osasuna Magnako atea eta ez zuen baloirik pasatzen utzi. Horrela, merezitako eta esperotako garaipena ospatu zuten nafarrek, denboraldiko lehena (4 eta 0).

“Ongi jokatu dugu, ordenatuta jokatu dugu, intentsitatearekin eta garatu dugun estrategiak fruitua izan du. Atzera ere gu izan gara. Izan ere, halako partida bat behar genuen. Irabaztea behar beharrezkoa zen, eta liderraren aurrean garaipen bat lortzeak animo gehiago ematen dizu, altxatzen laguntzen zaitu. Liga hasiera konplikatua izan dugu, baina ea garaipen honek bulkatzen gaituen” azaldu zuen Imanol Arregi entrenatzaileak.

Larunbatean O Parrulo Ferrolekin postua dute jokoan
Palma Futsalek galdu eta gero, El Pozo Murcia da lider berria (12 puntu) Palma Futsalekin puntura berdinduta. Osasuna Magna 14.a da sailkapenean (4 puntu). Larunbatean 4 punturekin sailkapenean 13.a den O Parrulo Ferrol taldearen kontra ariko dira Imanol Arregiren mutilak, 19:30ean, Ferrolen. Arerio zuzenak dira biak, puntutara berdinduta daude eta, hortaz, jokoan dauden puntuak urrezkoak dira biendako, postua baitute jokoan.