Sakanako Herri Lasterketan izena ematea zabalik dago

Guaixe 2018ko urr. 18a, 11:26
Aurreko urtean Uharte Arakilen izan zen proba eta aurten Olaztin jokatuko da.

Azaroaren 3an jokatuko da, Olaztin, eta urriaren 21 baino lehen izena ematen dutenek merkeago izanen dute

Olatzagutiak hartuko du XVIII. Sakanako Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusia, azaroaren 3an. Proba Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatzen du, Olaztiko Udalaren, Burundesaren eta beste hainbat babesleren laguntzarekin, eta Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sarirako baliagarria izango da.

Lehenik eta behin kategoria txikiko probak jokatuko dira, 16:00etatik aurrera. Dortsalak 15:00etatik aurrera jasoko direnez, giroa berotzeko Maksim Magoaren ikuskizuna izanen da 15:30ean. Haurren lasterketen ondoren, 17:00etan, proba nagusiari ekingo zaio (7,5 km). Juniorrak helduekin batera ariko dira, distantzia bera egingo dute, eta kadeteak ere proba nagusian ariko dira baina bi buelta emango diote zirkuituari, 5 km osatuz. Aipatzekoa da ere helduen lasterketarekin batera Errefuxiatuen Aldeko Martxa abiatuko dela.

Izena ematea zabalik
 Kategoria txikikoek lasterketaren egunean eman beharko dute izena, Olaztin, baina kadeteek, gazteek, seniorrek eta beteranoek aurretik eman dezakete izena, www.kirolprobak.com web gunean. Gazteek eta kadeteek dohain dute parte-hartzea, baina seniorrek eta beteranoek, aldiz, ordaindu beharko dute. Urriaren 21a baino lehen izena ematen badute, txip horia dutenek 6 euro ordainduko dute eta alokairuzko txip txuria behar dutenek, aldiz, 7 euro. Urriaren 21etik azaroaren 2ra arte izena emanez gero, txip horia dutenek 8 euro pagatuko dituzte eta alokairuzko txipa txuria hartuko dutenek, aldiz, 9 euro.

Informazio gehiagorako Mankomunitateko Kirol Zerbitzura jo daiteke: 948 464 866.