Buruko osasunaren etiketajea

kolaboratzaileak

Aurreko larunbatean, hilak 13, lagun argentinar batek zorion agurra bidali zidan WhatsApp-etik. Psikologoen eguna bazenik ere. Nahastuta edo adarra joka zebilela pentsatu nuen, Buruko Osasunaren Nazioarteko Eguna asteazkenean, urriaren 10ean izan baitzen. Baina, bardear-argentinar hori ez zebilen oker, Argentinan asko baitira buruko osasunaren eta psikologiaren inguruko egun seinalatuak. Esaterako, psikologoen elkargoko lehen lehendakaria Beatriz Perossio gogoan dutenekoa edota diktadura garaian desagertutako hainbat psikologo, gizarte langile, psikiatra eta osasun mentaleko beste hainbat langile-ikasle omentzen duten egun seinalatua. Buru osasunaren aldeko aktibistatzat jotzen dira horiek guztiak (orduan aktibismoaren ordez militantzia kontzeptua erabiltzen bazuten ere).

Badakizue “buruko” kontuekin nolakoak diren lurralde hartan, psikologoarenera jotzea kotxea mekanikora eramatearen parekoa da haientzat. Atera kontuak, Buenos Airesen psikologo kontsulten kontzentrazioa handia dagoen eremua “Villa Freud” bezala ezagutzen da. Gurean pentsa ezina da hori, gai horrekin ez dugu horrenbesteko abilidaderik eta ezkutuan eramaten ditugu buruko “aje” eta noraezak.

Ezkutuko bide horri argia emateko gure hiztegia errebisatzen has gaitezke. Arlo hori zuzenean ezagutzen dutenek arbuiatu egiten dute “buruko gaixoa” izendapena, atzean duen zamagatik. Baina gizarteko joerak eta izendapen honen erabilera ikusita, psikologo-psikiatraren bidea hartzen dutenei ezertarako gauzatzat jotzen dira. Gainera, estigma buruko arazoekin lotuta agertzen da usu. Guztion lanketarako arrazoia, hortxe dugu, gure mamua eta gure arbuioen sorburua.

Aldi berean, estigmak edo etiketak saihesteko bidean has gaitezke. Esaterako, inguruan ditugunei erreparatzean ikusiko dugu beren eguneroko bizitzan, egunik gehienetan, ez direla eri sentitzen. Ongi egiten dituzte bolada luzeak, baina, noizean behin gaizki jartzen dira (kanpoko hizkeran “erotuak”, “burutik jota”).

Azkenik, buruko osasunari buruzko elkarteaek aspaldi eskatzen ari direna kontuan hartzen has gaitezke, haien aldarri kolektiboa garbia baita: baliabide gehiago buruko nahasmenduen prebentziorako, diagnostikorako eta arta goiztiarra eta arreta hobetzeko. Aldi berean, jendarteari etiketak saihesteko eskaera zuzena da, eta horretarako hezkuntzatik lantzea beharrezkoa delarik.