Joan zen astean hainbat komunikabidek filtratu zuten Estrasburgoko Epaitegia azaroan emateko prestatzen ari den ebazpenaren berria. Komunikabide horien filtrazioaren intentzioa, jakina, ez zen “albiste ona” zabaltzea, baizik eta aldez aurretik ebazpen horrek dakarrenaz ohartaraztea.
Bagenekien Estrasburgoko bideak luze joko lukeela, luzeegia; baina Estatuek haien espetxe politikarekin korriarazi digun oztopo-lasterketa honetan hesiak gaindituz joatea beti pozgarria da. Hortaz, zuhurtziaz hartu beharreko albistea bada ere, badakigu zerbait datorrela.
Euskal preso politikoei aplikatzen zaien graduen politika da gainditu beharreko beste oztopo bat. Izan ere, euskal presoek graduz aldatzeko eginiko eskaerak ukatzeko Espetxe Zaintzako Epaitegiak eman zuen ebazpena aztertu berri du Foro Sozial iraunkorrak.
Datuak oso adierazgarriak dira. Epaitegi horrek gradu aldaketa lortzeko euskal presoek egindako 47 eskaerari ezezkoa eman die. Bi kasutan soilik bigarren gradura igarotzea onartu da, eta 2018ko irailaren 27an 70 eskaera zeuden Epaitegiaren erantzun baten zain. Euskal preso politikoen % 95 inguru oraindik ere lehen graduan (erregimen itxia) sailkaturik daude eta haietatik 27 bakartze moduluetan modu iraunkorrean dauzkate.
Euskal gizarteak, bere erakundeek eta eragile politiko eta sozialek eskatu dute preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea, adinekoak diren eta gaixorik dauden presoen askatasuna, zigorrak batzeko Europako irizpidea betetzea eta lehen graduak ezartzen duen oztopoa gainditzea.
Gizarte osoari dei egin nahi diogu, eta zuri bereziki, eskaera eta adierazpen horiek entzunarazteko bihar, urriaren 20an 17:00etan, Donostiako Antiguoko tuneletik aterako den manifestazioan parte har dezazun. Bihar denok Donostiara!
Orain Presoak!