Aberri egun bateratu baten aldarria Euskal Herriko Erdigunetik

Guaixe 2018ko urr. 18a, 17:45
Independentista talde bat Euskal HErriko erdigunean. Argazkia: @indesarea

Euskal Herriko erdiguneko martxan egin zuen proposamena Independentistak Sareak.

Igandean, euskal lurraldetasuna aldarrikatzeko helburuarekin Beriain ondoan dagoen Euskal Herriko Erdigunera ibilaldia antolatu zuten Independentistak Sareak, Iratxo mendi taldeak eta Sakanako Mendizaleak taldeak. Hiru zutabe abiatu ziren bertara: Unanutik bat, Senosiainetik bestea eta Irañetatik hirugarrena. Beriaindik gertu dagoen Euskal Herriko Erdigunean bildu eta “askatasunaren oihua” zabaldu zuten bertatik.

“Herri zahar honek bere tokia nahi du munduan eta bere etorkizuna eraiki nahi du askotasun osoz, inolako menpekotasunik gabe” azaldu zuten Independentistak Sareko kideek. “Orain dela 500 urte, Nafarroako Erresuma hondatu zigutenetik, ez da bakerik izan gure herrian. Burujabetza berreskuratzeko borrokaren hariak ordutik gaurdaino dirau etengabe. Eta borroka luze horretan jauzi berri bat egin eta Euskal Estatu burujabea berreskuratzeko prozesua martxan jartzeko ordua iritsi da” gaineratu zuten. Halaber, Kataluniari begira daudela gaineratu zuten. Errepublika Katalanarekin bat egin eta espainiar estatuaren errepresioa salatu zuten.

Ildo honetan, Aberri Egunari buruzko hausnarketa egin behar dela ondorioztatu zuten. “210etik hona Independentistak Sareak antolatu ditu azken bederatzi Aberri Egunak. Jauzi berri bat egiteko unea iritsi dela uste dugu. Diadak Kataluniako prozesuan duen garrantzia hartu nahi dugu erreferentzia moduan, eta ildo honetan, datorren urteko Aberri Egunean urratsa egitea planteatzen dugu: gure herriaren etorkizuna erabakitzeko eskubidean eta demokrazian oinarrituta, eraikitzearen alde dauden eragile politiko eta sozial guztiek bultzatutako Aberri Egun bateratua antolatzea proposatzen dugu” adierazi zuten independentistek. Bere ustetan “euskal herritarren gehiengo oso zabalak eta diaspora osoak ilusio handiz” hartuko luke berri hori.

Gaia hausnartzeko eskaria egin zuten. Ondoren, Irañetako bordara jaitsi eta bertan bazkaltzera bildu ziren Beriainen bildutakoak.