Erbiaren gainbehera ikertzeko ikerketa egiten ari dira

Guaixe 2018ko urr. 23a, 09:47

Bizkaiko foru aldundiko ordezkariak Altsasuko erbi hazlearekin. www.bizkaia.eus

Nafarroako ipar-mendebaldean, Sakana barne, Europako erbiaren populazioak behera egin duela eta, eskualdeko erbi-zale talde batek, ehiztari taldeak eta Ingurumen Departamentuak bat egin dute. Haien helburua nagusiak bi dira. Alde batetik, egun dauden erbi populazioen eta haien ezaugarrien berri jasotzea. Eta, bestetik, bere zabalkundean eta ugaritasunean eragiten duten faktoreak ezagutzea. Horrela, ehiza, baso eta lehen sektorea  biltzen dituen ikuspuntu orokorretik, dauden kudeaketa neurriak hobe erabiltzeko. Nafarroako erbi ehiztariekin komunikazio eta elkarlan sarea sortu nahi da.

Zehazki, erbien osasun-egoera, ugalketa-parametroak eta genetika-estatusa ezagutu nahi dituzte. Horretarako, ehizatutako, ibilgailuek harrapatutako edo hilik opatutako animalien laginak hartuko dituzte. Laginen bidez DNA, ugalketari lotutako umetokiko orbainak eta eragiten dieten gaixotasun nagusienak zein diren jakin nahi dute. Lagin horiek prozesatu eta laborategira bidaltzeko Ultzama-Arakil aldeko basozainei hots egin daiteke, 679 996 810 telefono zenbakira.