“Jendea pozik dago. Espektatibak beste kontu bat dira”

Guaixe 2018ko urr. 19a, 09:42
Osasun etxeko eta udaleko ordezkariak kontseilariarekin hizketan astelehenean.

Mertxe Alberdi, Altsasuko osasun etxeko zuzendariarekin erradiologi gela berriaz eta bestez hizketatu gara. 

Burunda mendebaldeko osasun eskualdea Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia hartzen ditu. Altsasun dago osasun etxea eta beste bi herrietan kontsultategiak daude. Mediku, erizain eta administratiboekin, guztira 20 bat langilek lan egiten dute.

Osasun etxean erradiologia gela egin dute. Han zeuden aldagelak eraiki berri duten goiko solairura pasa dituzte. Han izanen dira eskola-erizainaren eta albaitariaren gelak ere. Beste gela huts bat dago. Oraindik ez du erabilerarik, zaintzako beste talde batendako izan daiteke, baina ez dago zehaztuta. Argi dagoena da erradiologia gelak Sakana guztiari emanen diola zerbitzua.    

Erradiologia gela jarrita, hemendik aurrera erabiltzera?
Jarri berri dute, bai, eta astelehenaz geroztik erabilgarri dago.

Horretarako erradiologo bat beharko da?
Ez, ez da beharrezkoa erradiologo bat hemen egotea. Haiek euren txostenak ordenagailuaren bidez eginen dituzte. Hemen erradiologian teknikari bat dago.  

Hark eginen ditu erradiografiak eta gero zer bide eginen dute?
Ordenagailuz bidaltzen dizkigute. Guk kontsultan jasoko ditugu, orain arte bezala. Bestela, erradiologoari bidaltzen diogu eta hark txostena egin eta bidaliko digu.

Alde bakarra da orain erradiografiak egitera ez dela Iruñera joan beharrik, ezta?
Hori da. Jendearendako abantaila da. Jendea pozik dago, erosoagoa da. Beste gauza bat da haien espektatibak. Asteartean erradiografia egin eta egunean bertan kontsultara etorri ziren emaitzen bila. Berehala espero dituzte emaitzak eta erradiologoaren txostena jaso behar dugu lehenik.

Osasunbideak Altsasuko osasun etxean ekografoa ere jarri zuen.
Bai duela bi urte edo. Hor dago. Ez dugu asko erabiltzen, egia esan. Oso zaila da. Eta ez daukagu denborarik.

Ekografoa, erradiografiak egiteko gela, istripu tokietara irteerak, etxeko ospitalizazioa,  kolon minbizia, gaixo kronikoak, betiko kontsultak… langile premiarik dago?
Betikoa. Lan egiteko gero eta jende gutxiago gaude. Esaterako, medikurik ez daukagu. Martxotik pediatra falta da eta irailaren 15etik mediku. Aldian behin, bat ordezkapenak egitera bat etortzen da. Medikuak behar ditugu. Langile aldetik oso gaizki ibiltzen gara. Gero eta kausa gehiago behar ditugu. Ez dakigu oso ongi nola moldatu behar ditugun gauzak.

Oporraldietan eta zuetakoren bat gaixotzen denean?
Ez daukagu jenderik. Ez dugu medikurik eta oporretan eta ordezkapenak egiteko oso-oso gaizki gabiltza. Ez dagoenarenak egiten ditugu. Kontseilariak badu gure egoeraren berri.

Lan karga arintzeko, zer?
Plantilla handitu beharko litzateke eta ordezkapenak egitea bermatu. Baina ez dago jenderik. Ez da soilik Altsasuko arazoa. Osasun etxe guztietan horrela daude. Iruñean errazagoa dute, nahiz eta plaza batzuk hutsik dauden. Ez dago behar den mediku kopururik. Ez dago kontratatzeko jenderik.