Erradiologia zerbitzu berriaren funtzionamenduari buruzko argibideak

Guaixe 2018ko urr. 19a, 11:17
Erradiologia gelaren mustutzean Rafael Beorlegi, Fernando Dominguez eta Mamen Perea.

Erradiologian teknikari espezialista da Rafael Beorlegi, Zangozako osasun etxean ari dena. Astelehenean Altsasuko mustutzean Perea laguntzen izan zen. Esan zigunez, haiek "azken katebegia" dira, "medikuek erradiografia egitea agintzen digute eta gero haiek ikusi behar dituzte. Sendagileak dira lehenengo filtroa. Beraiek erradiografia ikusiko dute eta horren arabera gaixoa Iruñera bidaliko dute, edo Altsasun artatuko dute”.


Beorlegik azaldu zigunez, ez dute erradiografia fisikorik egiten, formatu digitalean baizik. "Tele-erradiografia da". Irudi digital horiek Nafarroako Osasun Zerbitzuko sarean sartzen dituzte eta edozein sendagilek edozein puntutan ikus ditzake erradiografia horiek. Medikuak erradiografia ikusten duenarekin zalantzarik badu erradiologo espezialista bati hots egin beharko dio. Espezialista horiek "medikuak dira, baina diagnosi irudietan adituak dira. Eta suposatzen da denbora gutxian herriko sendagileari jakinaraziko diola erradiografiakoa fisura den, bihurritua den, haustura den, biriketako-mina den, eztarrikoa den…"

Teknikariak nabarmendu zuenez, osasun etxeetako medikuek eginen duten lehen filtro lana: "bestela  erradiografia guztiak Erradiologia Departamentura iritsiko lirateke eta han ezingo liekete guztiei erantzun".

Erradiologia-zerbitzua Lehen Arretakoek eta osasun-zentroek erabakitzeko gaitasun gehiago izateko bultzaturiko ekimenen barruan sartzen da; modu horretan, gaixoek diagnostikoak azkarrago eskuratu ahal izango dituzte, joan-etorriak saihestearekin batera.