Lan baldintzak hobetzeko IAT egun batez geldi

Guaixe 2018ko urr. 20a, 12:33
Arbizuko IAT-ko langileak greba egunean lanroki parean pankartarekin.

Ibilgailuen Azterketa Teknikoko langileek asteartean greba egin zuten lan baldintzak hobetu eta plantilla handitzeko eskatzeko.

Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) egitera Arbizura joan zirenek asteartean ezer egin gabe etxera bueltan joan behar izan zuten; izan ere, TUV Rheiland enpresako langileek greba eguna zuten eta lantegia itxita egon zen. Enpresa bereko Iruñeko lantegiak ere itxi zuen. Protesta horrekin langileek enpresari eta kontzesioa ematearen ardura duen Nafarroako Gobernuari jakinarazi nahi zieten behar baino langile gutxiago daudela lanean eta haien lan baldintzak ez direla egokiak.

ELA sindikatutik jakinarazi dutenez, garagarrilean hasi ziren enpresarekin lan baldintzez hizketan baina ez dute planteamendua ukitzen. ELAtik azaldu digutenez, Arbizuko lantokian 11 langile daude, astegunetan 09:00etatik 13:00etara eta 14:30etik 17:00etara eta larunbatetan 09:00etatik 13:30era lan egiten dutenak. “Bazkaltzetik bueltan auto ilarak izaten dituzte zain eta horrek estresa sortzen du. Lanaldia 17:00etan bukatuta ere, auto ilara despeditu arte lan egin behar dute”. ELAtik gaztigatu dutenez, erabiltzaile batzuek 3 ordu zain egon behar izan dute.

Eskaerak
Sindikatutik argitu dutenez, Arbizurako 3 mekaniko eta administrari bat gehiago eskatzen dute. Horrela, lan karga arindu, zerbitzua zabaldu eta hobe emanen luketela argudiatzen dute ELAtik. Lan karga handiak langileengan ondorio fisiko eta mentalak dituela gaineratu dute. Grebaren deitzaileei bidegabea iruditzen zaie enpresa berarendako lan egiten duten langileek baldintza desberdinak izatea. “Lankide izanda eta kategoria bera izanda”, enpresa beraren Gipuzkoako IAT-en baldintzak berdintzea eskatu dute ELAtik: “urtean 1.550 lan ordu egiten dituzte, 35 orduko lan astea dute. Soldata beragatik urtean 250 ordu gehiago sartzen dituzte Arbizun, 40 orduko lan astea dute”.

Langile berrien baldintzak “larriak” direla nabarmendu dute ELAkoek: “goi zikloa edo ingenieritza gradua eskatzen zaie eta urtean 1.800 orduko lanaldiak egiteagatik 926 euroko soldata gordina eskaintzen diete (Estatuko Ingeniaritzaren hitzarmenean oinarrituta). Baldintza hobeak eskaintzen dituzten beste IAT-en eskaintzak onartu edo haietan aurkezten dituzte curriculumak. Enpresak dio jendeak ez duela curriculumik aurkezten. Baldintza horiekin, nola?”

Aldi berean, lanaldi jarraitua indarrean jartzea nahi lukete. ELAtik esaten dutenez, “horrek zerbitzua hobetzea ekarriko luke, ordutegi murritz horrekin jende asko gelditzen baita bazkal garaiko atsedenagatik atean zain”. Ordutegi jarraituak langileei lanaldi desberdinak izateko aukera emanen liekeela gaineratu dute.

Sistema aldaketa
Sindikatutik azaldu digutenez, isuri kutsakorren eta elektronika sistemen kontrola egiteko lan sistemaren aldaketak IAT “lanez lepo” egotea ekarri du. Azterketa pasatzen zuen ibilgailua makinatik pasatzean, emandako balioa paperean boligrafoz idazten zuten maiatzaren 20ra arte. Hurrengo egunean informatizatu zen prozesua. Makinak wifi bidez langileen tabletera pasatzen ditu datuak. Orain gutxira arte langileek datu horiek “mugitzeko” aukera izan dute, baina erabateko digitalizazioa iritsi da eta hori ere ezin dute egin. ELAtik argitu dutenez, “probak emaitza ona eta zehatza eman behar du. Langileek ezin dute euren balorazioa gehitu. Makinak markatzen duena egokia ez bada, ongi egon arte zain egon behar dute edo IAT pasatu gabe atera. Langileek badakite, esaterako, ibilgailua beroago egonda-edo pasako lukeela”.

Enpresa digitalizazio horretan aitzindaria izan dela azaldu dute sindikatutik, “baina Noainen edo Bergaran sistema aldaketak ekarriko zituen arazoei aurre hartu zieten. Arbizun enpresak ez du halakorik egin eta lepo daude”.

ELAk gogorarazi du IAT zerbitzua Nafarroako Gobernuaren emakida publikoa dela eta beste 10 urterako berritu duela gaineratu du. Horregatik, sindikatuak foru administrazioa lan-gatazkaren konponketan parte hartzera premiatu du, “beti ere, lan baldintza duinak eta kalitatezko zerbitzua bermatzeko”.  ELAtik azaldu dutenez, TUV Rheiland enpresak azken 4 urteotan guztira 2,4 milioi euroko irabaziak izan ditu. Hilaren 31n bilera dute enpresarekin, baina ez dute baztertzen mobilizazio berriak egitea.

Arbizu IAT
2008an zabaldu zituen ateak.
11 langile daude: 2 ingeniari, 7 mekaniko (2 behin-behinean) eta 2 administrari.
Egunero 110 bat ibilgailu ikuskatzen dituzte.
Urnietako eta Irungo IAT-en grebaren ondoren gipuzkoar askok Arbizurako bidea hartzen dute, merkeagoa delako eta ez delako hitzordurik eskatu behar.