Presoen eskubideen aldeko manifestaziorako deia

Guaixe 2018ko urr. 19a, 10:56

Orain Presoak dinamikak Donostiako Antiguoko tunelera deitu du, bihar, 17:00etarako.

Biharko mobilizazioarekin Orain Presoak dinamikak lau aldarrikapen zabaldu nahi ditu. Alde batetik, euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatzea. Bestetik, espetxean larriki gaixo dauden presoak aske gelditzea.  Horrekin batera, euskal presoei   normalean ezartzen zaien lehen gradua ezartzeari uztea eskatuko da. Eta, azkenik, estatu desberdinetan betetako zigorrak kontuan izatea eta horiek batzea ere exijituko dute.

Orain Presoak dinamikak "ETAren disoluzioaren ostean ireki den garai berria probestu eta aspaldidanik espero dugun aldaketa gauzatu dadin gure hondar alea jarri nahi dugu. Bakerantz eta elkarbizitzarantz eramango gaituen aldaketaz ari gara. Sufrimendu gehiago sortzeari utzi eta korapiloak askatu zein zubiak eraikiko dituen jendarte baterantz eramango gaituena".

Horretarako, dinamikako kideek "ezinbestekotzat jotzen dugu milaka kilometrotara urrunduak diren eta giza eskubideak urratuak zaizkien euskal presoen egoerari irtenbidea ematea". Dinamikan jakitun dira " herri honetan bizi garenon artean, minak eta oinazeak askotarikoak direla. Baina, argi dugu ere, oraindik orain, indarrean den espetxe politika aldatu ezean, giza eskubideak urratuak izateaz aparte, presoen senideak, bereziki haurrak eta adinduak direnak, sufrimendua pairatzen jarraitzen dutela".

Dinamikatik herritar guztiak gonbidatu dituzte " gurekin batera bakearen eta elkarbizitzaren norantzan ekitera eta espainiar gobernuari urratsak determinazioz emateko, hitzetatik ekintzetara igarotzeko, eskatzera".