Nafarroa Oinez, Nafarroako ikastolen festa da. Urtetik urtera egoitza bat hartzen duen festa ibiltaria. Egoitza aldatu arren, batean eta bestean antolakuntza premia berak dituen ospakizuna da. Urtetik urtera mantentzen den egitura bat badu ospakizunak, eta horren ardura du etxarriar batek.
Zein da zehazki zure egitekoa Nafarroa Oinezen?
Bada talde iraunkor bat eta niri talde hori kudeatzea dagokit. Eta, gero, paraleloki ikastolan sortzen den talde edo egitura hori ere koordinatzea. Hori da nire egitekoa lau hitzetan esanda.
Horrek bilera asko esan nahi du, ezta?
Asko, asko. Ez ditut inoiz zenbatu, egia esan. Baina asko. Batetik, talde iraunkor horrek eskatzen duenaren baitan. Eta, bestetik, ikastolan sortzen den egitura horri lotuta. Horretan, normalean 12 edo 13 batzorde aritzen dira lanean. Horiek ere kudeatu behar dira. Laguntza izaten dut, urtero tokiko koordinatzailea izaten delako. Berak lan horren puska handi bat hartzen du. Baina koordinazio orokorra niri dagokit eta bilera andana egin behar izaten ditugu.
Festa bertan dela, ez dut pentsatu ere egin nahi azken asteetako zure agenda zein izan den!
Etengabekoa da. Ez dago atsedenik. Ez dago jai egunik. Hasiera batean gure lan metodoak ez dio inprobisazioari lekurik uzten. Edo behintzat hala izan dadin saiatzen gara. Beraz, aurretik lan egiten dugu, epeak markatzen ditugu. Egitekoak kronograma bati lotuta gauzatzen ditugu. Hala ere, gure planifikazio horretan aurreikusten da inprobisazioak bere tartea izanen duela. Azken egunak horrelakoak izaten dira: uste ez zenuen ez dakit zer konpondu behar dela, aurretik aurreikusi ez den arazoren bati aurre egin behar zaio, eta halakoak. Baina, esan bezala, gure lan metodoak aldez aurretik aurreikusten ditu egin beharreko guztiak. Azken egun hauek, dudan esperientziagatik, niretako politenak dira. Lan asko egin behar da. Jende asko koordinatu behar da. Orain da Nafarroa Oineza ukitu daitekeen zerbait gisa ikusten duzu. Hortxe dago jende guztia pil-pilean, lanean. Ilusioz beteta. Hau da politena. Oso intentsua da, baina niretako garai politena da.
Uzta jasotzeko garaia.
Hori da.
Uzta jasotzean nekazariak zerura begira egoten dira. Eguraldiarekin inprobisatu beharko duzue, ezta?
Horrek ematen dio beti tentsio puntu garrantzitsu bat. Batzuetan aurreko egunetan eguraldi ona egiten du eta nahiko lasai ibiltzen gara. Eta, beste batzuetan, aurtengo kasuan bezala, denok ari gara zeruari begira. Whatsappean mila sarbide ditugu: baten eta bestearen iragarpenak, ez dakit nork esan duela ez dakit zer… Tentsio puntu hori azken astean nahikoa indartsua izaten da. Eta, bai, egia da; 18 hilabetez izugarrizko lana egiten duzu. Egia da Nafarroa Oinez ez dela Oinez eguna bakarrik, Oinez Urtea baizik. Hor badira urtean garatzen ditugun proiektu eta jarduerak. Horiek egunak bezain besteko garrantzia dute. Baina, nolabait, Oinez eguna da urte bete horri agurra egiteko jaia. Ikastolak ikasturte akaberan bere festa antolatzen duen moduan. Eta, bai, benetan penagarria da lan izugarria egitea eta gero eguraldiagatik, nolabait, zapuztea. Nik uste dut ez dela gertatu behar. Hala pentsatu behar dugu, eta azken momentura arte utzi egin behar diogu. Ikusiko da.
Noiztik talde iraunkorreko koordinatzaile?
Andra Mari ikastolak 2009an Nafarroa Oinez antolatu zuela, bertako koordinazio lanean aritu nintzen. 2010ean koordinazio talde orokorrean sartu nintzen. Ardura nagusia 2012an hartu nuen.
Non duzu burua, aurtengo Nafarroa Oinezen edo heldu den urtekoan?
Bietan. Orain protagonismoa Iñigo Aritzak, Altsasuk dauka, normala den bezala. Baina ni hurrengo Oinez antolatuko duen ikastolarekin otsailetik ari naiz lanean. Paraleloki bi tokitan ari naiz. Hemen urtearen momentu batean gaude. Eta kasu honetan Tuteran beste momentu batean gaude. Baina bi tokietan batera.
Bat martxa bizian eta bestea martxa hartzen.
Hala da, Tutera hasten, abian jartzen, urteko programa diseinatzen, ibilbidea zein eremuk hartuko duen… horretan ari gara. Altsasun hori guztia gaindituta, egunari begira.
Aurtengo Nafarroa Oinezen dena bideratuta dago?
Bideratuta, eta ongi bideratuta gainera. Altsasuko ikastola benetan eredugarri izan da urte guztian. Ohiko erronkei eusteaz aparte, beraiek horren gainetik ekarpena egin dute. Benetan, urteko martxa ona izan da; inplikazio handia, konpromiso izugarria, lan giro ona izan dugu. Ez da animatu beharrik, eurak bakarrik animatzen dira. Urtean zehar erakutsi dute euskararekin, Ikastola Proiektuarekin, Nafarroa Oinezekin duten benetako konpromisoa. Alde horretatik, Altsasurekiko nire balantzea izugarri ona da.
Ikastola antolatzaileak noiz hasten dira Nafarroa Oinez festako lehen antolaketekin?
Normalean aurreko urteko ilbeltza edo otsaila aldera aurreneko bilera izaten dugu. 2019ko Nafarroa Oinez antolatuko duen Tuterako Argia ikastolarekin lehen bilera aurtengo otsailean izan genuen. Ia bi urte. Azkenean kontuan hartu behar da hau boluntarioekin antolatzen dugula. Bada egitura iraunkor bat. Baina gero ikastolan beste egitura bat antolatu behar da. Eta egitura horretan 120-150 lagun behar dira. Profil jakin batzuk, garatu behar dituzten lanen arabera. Pertsona horiek guztiak 12-13 batzordeetan egoten dira. Batzorde bakoitzak bere zeregina du. Zeregin horren baitan saiatzen gara jendea batean edo bestean kokatzen, duen gaitasun, zaletasun edo lanbidearen arabera. Hori guztia aldez aurretik antolatu behar da. Horrek denbora eskatzen du: jendea identifikatu, taldeak osatu, prestakuntza… Eta hortik abiatu. Dezente lehenago hasi behar dugu, bai.
Ez da berdina izanen ikastola handiekin eta txikiekin aritzea.
Ez dauka zerikusirik. Bakoitzak bere abantailak eta desabantailak ditu. Orokorrean, jendeari iruditzen zaio ikastola handi batek abantailak dituela txiki baten aurrean. Bai, logikoa denez, bada familia kopuruari lotuta. Hori ezin da ukatu. Baina gero beste arlo batzuetan desabantaila handiak ere badituzte. Ikastola handietan, esaterako, familiek ez dute elkar ezagutzen. Egitura horren handia denean, oso motela da martxan jartzeko. Auzolanaren kontua ere ez da modu berean bizitzen ikastola handi batean eta txiki batean. Ez du zerikusirik. Ikastola txikietan gauza gehienak auzolanean egiten dira. Eta ikastola batzuetan dena egiten da auzolanean. Horrek ikastolak lan egiteko duen moduari, nolabait, ibilbidea ematen dio. Auzolana, konpromisoa… ohitura edo kultura izaten da ikastola txikietan. Nafarroa Oinez heltzen delarik intentsitatea handitu egiten da, baina, nolabait, ikastolaren izaerari eustea da. Ikastola handietan hori zailagoa da. Komunitatea bera oso sakabanatuta dago. 1.000 familia dituen ikastola batek ezin du 120 dituen batek duen kohesio hori izan. Nafarroa Oinezen baitan hori sarritan aipatzen dugu. Oinezek aukera ematen diela ikastola nahiko koxkorrak direnei: ikastolaren izaera hori berreskuratzea, ezagutzea edo dena delakoa.
Modu berean, desberdina da hegoaldean edo iparraldean aritzea. Hor, kulturari dagokionez, sekulako aldea dago. Nafarroa oso anitza da eta izaera izugarri nabaritzen da, lan egiteko moduan… Sekulako eragina du.
Erakunde harremanak, babesleak, Artea Oinez, Oinez Basoa, baimen eskaerak, ibilbidea, trafikoa… Urtero errepikatzen dira. Zuk zein lan egiten duzu?
Ia-ia guztiak. Niri talde guztien kudeaketa tokatzen zait. Talde iraunkorrean ez gaude lagun asko. Nafarroan hiru lagun aritzen gara. Nirekin batera Patxi Arellano (segurtasun teknikaria) eta Unai Arellano (Txikiak Handi ekimeneko koordinatzailea) aritzen dira. Hirurok aritzen gara. Nafarroako Ikastolen Elkartea Euskal Herrikoaren barruan dago (EHIE). Horri lotuta han beste egitura bat dugu: bost jaietako koordinatzaileak elkartzen gara. Bost jaien inguruan aritzen den koordinatzaile bat ere badugu. Momentu batzuetan EHIEtik komunikazio aldetik sartzen den beste lagun bat badago. Hori da talde iraunkorra. Niri guztiekin tokatzen zait. Modu berean, ikastolan sortzen ditugun batzorde horietan aritzea tokatzen zait. Patxirekin elkarlanean aritzen gara, nahiz eta berak segurtasun planaren ardura nagusia hartzen duen. Hala ere, koordinazioa Foruzaingoarekin, besteekin-eta, biek egiten dugu. Niri denekin aritzea tokatzen zait.
Nafarroa Oinez egun bakarra izatetik Oinez urtea izatera pasa zen. Zergatik?
Ikastolen aurreneko jaia Gipuzkoak antolatu zuen eta handik puska batera gainontzekoak hasi ginen. Jatorrizko ideia egun bateko ospakizuna izatea zen; euskararen aldarrikapena egitea, euskaldunon eskubideen aldeko jardunaldia. Hori guztia jai giroan. Hala sortu zen eta hala izan zen urte batzuetan. Nafarroa Oinezek aurten 38 urte beteko ditu. Urteetan ikastolek ekarpenak egin dituzte. Adibidez, ikastola bat Artea Oinezekin hasi zen. Nafarroako ikastolek baloratu zuten iraunkor bilakatu behar zen ekimena zela. Euskara bai, baina beste esparru batzuetan. Ez soilik hezkuntza jarduerari lotuta soilik, baizik eta normalizazio prozesu batek eskatzen duen heinean, beste esparru batzuetan. Abian jarri zen lehenbiziko ekimen iraunkorra Artea Oinez izan zen, 90eko hamarkadan Lizarrako ikastolan eman zioten hasiera. Ondotik etorri diren ikastolek eutsi diote eta iraunkor bilakatu da. Hori bezala gero beste batzuk sortu dira: Oinez Basoa, Txikiak Handi, Erronka…
Ikastolek ekarpen handiak egin dituzte. Bakoitzak bere ingurunearen, bere baliabideen baitan proposamenak aurkezten joan dira urteetan. Hor balantze bat egin da, eta Nafarroako ikastolek erabaki dute proiektu horrek iraunkorra izan behar duela. Hori horrela, Oinezek baditu urtero garatzen diren ekimenak. Horri lotuta, ikusten genuen, normalizazio prozesu batean egun bakarreko ospakizun batekin ez dela nahikoa. Ikastolek hartu zuten konpromisoa urtean hori ikasgeletatik ateratzeko eta euskara beste eremu batzuetan lotzeko, garatzeko eta gizarteari aukera emateko.
Gaur egun guk Nafarroa Oinezko egunari sekulako garrantzia ematen diogu. Berez, hori da bilgune nagusia. Nafarroan Oinez ikastolen jaia izateaz aparte euskararen festa ere bada. Horri ezin diogu inolaz ere garrantzirik kendu. Euskaldunon topagune nagusienetako bat da Nafarroan. Baina urtean zehar antolatzen diren jarduera horiek ere pisu handia hartu dute eta, gure ustez, eguna bezain garrantzitsuak dira. Gainera, ekimen horiek euskara dute oinarri. Baina, horretaz aparte, badituzte beste helburu batzuk. Artearen kasuan guk antolatzen dugun erakusketak biltzen ditu Euskal Herriko artisten obrak. Hori nahiko kontu zaila da. Hori lortzen urte dezente daramagu. Modu berean artista horiek babesa ematen diote bai euskarari bai Ikastola Proiektua berari ere. Euskararen erabilera eta balioa aldarrikatzeko beste bide bat da. Artearekin bezala gainerako ekimenekin gertatzen zaigu. Hori da asmoa: urtean euskarari bere tokia egitea helburu paralelo batzuk lortu nahian. Eta gizarteari parte hartzeko eskaintza hori luzatu.
Balorazioak Oinez egunera ere aplikatzen zaizkio. Egitaraua bera aldatzen joan da.
Gizarteak izan duen garapena izan dute ikastolen jaiak. Nafarroa Oinez martxan jarri aurretik Kilometroak jarri zen eta antolakuntza beste modu batekoa zen. Ikastolen festen sorrera Zarauzko aita batek ekarri zuen. Amerikako Estatu Batuetan egon zen bera eta marketing-aren kontzeptu hori Euskal Herrira ekarri zuen. Berak ekarri zuen ideia eta kontzeptuaren baitan sortu ziren jaiak, irizpide batzuekin. Hasieran, Nafarroa Oinez antolatzen zelarik, babesleek egiten ziren urratsen baitan egiten zuten ekarpena. Hau da, zenbat eta km gehiago ibili orduan eta diru ekarpen handiagoa zen. Kontrol antzekoak zeuden eta zigilua jartzen zizuten. Eta gero zuk erakutsi behar zenuen zenbat pauso eman zenituen. Hori izan zen sorrera. Hortik izena ere: Nafarroa Oinez.
Eredu hark bisitariaren parte-hartzea bultzatzen zuen: zuk jaira joanda parte hartu behar zenuen; zure ekarpena egiteko eta euskarari benetan bultzada emateko ibili egin behar zinen. Horrek gizartean ere garapen bat izan du. Gaur egun aisialdiari lotutako eskaintza anitza da. Gure ohiturak eta kultura aldatu dira. Gaur egun gure jaira, beste jaietara eta gizartean orokorrean antolatzen diren beste ekimenetara ere jende askok beste jarrera bat ekartzen du: jarrera nahiko pasiboa, nahiko kontsumitzailea; banator hona eta ea zer eskaintzen didaten, pixka bat, zer emanen didaten zain.
Hori guk hizpide izan dugu. Guk nahiko genuke, nolabait, jatorrira itzuli, nahiko genuke jatorrian genuen formatu hori berreskuratzea. Horren ildotik, nahiko genukeena da jendeak jarrera parte-hartzaileagoa izatea. Hori bultzatu nahi dugu. Nafarroa Oinez izan da ikastola bera bezala: herriak sortutako ekimen bat, herriari bideratutakoa. Nafarroa Oinez izpiritu horrekin jaio zen eta horri eusten dio. Herritik hasita herriarendako antolatzen dugu. Hori da berreskuratu nahiko genukeena: parte-hartze eta hartu-eman hori. Horren baitan egokitzapen batzuk egon dira. Eta etorkizunera begira gehiago izanen direla uste dugu. Hori da gure hausnarketa.
Jakina da elkartean festaren inguruan hausnarketa egiten ari zaretela. Zertan da?
Gainontzeko ikastolen jaiekin dugun harremana koordinatzaile taldea gainditzen du. Batetik, koordinatzaileok elkartzen gara. Beti hala izan da. Hor baditugu babesle eta ekimen komunak direnak, ekipamendua partekatzen dugu. Maila praktikoan harreman estua eta etengabea dago.
Horretaz aparte, beste talde bat sortu dugu eta hor beste maila bateko eztabaida, hausnarketa edo azterketa prozesua dago. Hor koordinatzaileak egoteaz aparte, lurraldeetako lehendakariak… Talde misto bat sortu dugu hori garatzeko. Jai bakoitzak bere garapena izan du. Gainera, bakoitzak bere izaera du. Nafarroak izan dezakeen hausnarketa prozesua ezin da Araban edo Bizkaian aplikatu. Bakoitzak bere garapena, ingurunea eta izaera propioa ditu.
Hala ere, bakoitza bere hausnarketa prozesuan ari dela, paraleloki, guztiok elkartuta horren inguruan ari gara: zer izan beharko lukeen, nola bideratu beharko genukeen, zer izanen daitekeen komuna izanen den eremua… Bakoitzak badu bere momentua, badu bere izaera, izan du bere bilakaera. Horren baitan pixka bat doitzen ari da izan beharko lukeena.
Nafarroan prozesua bera aztertuta aukera asko jorratzen dira. Esaterako, mahaigaineratu da Oinez jaia behar bada toki finko batean ospatzeko aukera. Hori da beste gauza batzuekin batera aztertuko den beste kontu bat. Nafarroako Ikastolen Elkartean bada talde bat, Oinez Batzordea deitzen duguna, eta hor horretan ari gara. Ekimen iraunkorren, urteko jarduera programaren eta egunaren azterketa sakona egin dugu. Azterketa horren baitan emaitza batzuk izan ditugu. Ikastolekin ere kontsultatu da. Informazio hori guztia oinarri hartuta, azterketa horren arabera, epe ertainean, doikuntza batzuk egitea.
Igandean zein lan izanen duzu egiteko?
Koordinazio gunean egotea tokatzen zait. Aste guztian muntaiari jarraipena egin diogu Patxik eta biok. Ziurtatuko dugu muntaia segurtasun planaren arabera egin dela. Gunez gune ibiliko gara, batzordeekin detaile guztiak errepasatzen. Segurtasun planaren arabera funtzionatzeko modu bat dugu eta igandean koordinazio gunean hainbat estamentu izanen dira, eta haiekin gu ere. Gurekin batera batzorde batzuetako buruak ere. Guri behatzea eta kontrolatzea tokatzen zaigu. Ezustekoak gertatuko balira hori guztia bideratzea; trafikoa eta gainerako guztia. Ikastolan egonen naiz, beste batzuekin batera.