“Guztiok maite eta sinesten dugun proiektu baten kide gara”

Guaixe 2018ko urr. 21a, 08:49

Ibai Iriarte San Vicente Iñigo Aritza ikastolako zuzendaria.

Ibai Iriarte San Vicente Iñigo Aritza ikastolako zuzendariari elkarrizketa. 

Urdiaingo, Altsasuko, Olatzagutiko eta Ziordiko 370 ikasle hartzen ditu Iñigo Aritza ikastolak. 38 irakaslek eta beste 8 langilek lan egiten dute bertan. Eta horien guztien buru da Iriarte. Zuzendariak Nafarroa Oinezen lortutako dirua zertara bideratuko duten eta bestelako argibideak eman dizkigu.

 
Aurreneko urtea duzu zuzendari karguan. Ardura berriari eta Nafarroa Oinezi heldu behar. Zer moduz moldatu zara?
Bigarren ikasturtea da, baina joan den urtean sartzearekin batera jakitun nintzen zetorkigun erronkaz. Ilusioz eta gogoz eutsi diot apustuari, azken finean Ikastola Proiektuan sinesten dut, hau da, hezkuntzatik gure herri eta kulturaren alde lan egiteko Ikastolek jolasten duten paper garrantzitsuan eta, ondorioz, norantza horretan bultzatzeko sartu nintzen.

Iñigo Aritzaren 3. Nafarroa Oinez da. Aurrekoak ezagutu zenituen? Haien inguruko zer dakizu?
Etxean beti izan dugu Nafarroa Oinez eta Herri Urratsera joateko ohitura. Beraz, Altsasuko aurreko Oinez edizioak haur eta gaztetxo moduan ezagutu nituen. Bestalde, ingurukoei entzutearen ondorioz ere badut aurreko edizio horien berri. Horren adibide, Antton Izagirrek sarri ikastola honetan lanean hasi aurretik ere kontatu zizkidanak, oilasko pila sobratu zela edota hasierako logotipo horrek batzuei sortu zizkien kezkak.

Eta, zer da ikastola bat?
Ikastola bat proiektu herritar bat da. Euskararen berreskurapena oinarri, irudimenaz eta determinazioz asmaturiko tresna bat. Egun, oinarri berak izanda, garai berriei erantzuteko egokitzen ari dena, hau da, herri, gizarte zein norbanako moduan gizarte ireki, anitz, solidario, parekide eta euskaldun baten bidean pertsonak hazi eta hezi nahi dituena.

Zer ezaugarri ditu Iñigo Aritzak?
Bada, aurrez aipatu moduan, Iñigo Aritza komunitate bat da. Guraso eta familien parte hartzea handia da, nahiz eta beti berrindartze lanetan jarraitu, auzolana ikastola honen egunerokoaren isla da, eta horrek ezinbesteko balioa du. Horretaz aparte, Ikastolako langileen inplikazioa eta dedikazioa ere itzelak dira. Nire ustez, ikastolan gauden guztiok, izan langile izan familia, jakitun gara hona ez direla haurrak bidaltzen, guztiok maite eta sinesten dugun proiektu baten kide garela.

Nola islatzen da hori ikastolako komunitatean?
Ikusi besterik ez dago Nafarroa Oinez antolatzeak eskatzen duen guztia zer nola ari garen betetzen. Bada urte bete baino gehiago 150tik gora familia astero-astero elkartu eta lanean ditugula antolaturiko 14 lantaldeetako batean. Eta horri, ikastolako ohiko funtzionamenduaren baitako lantaldeak batu behar zaizkio: larunbateroko mantenuak, jaialdi lantaldeak, euskara batzordeak…
Bitarteko ekonomiko handirik ez dugu, eta hori nabaria da Ikastolako mendiko eraikinean, baina langile zein familien inplikazioa bai.

Islarik badu ikastolatik kanpo?
Nik uste baietz. Gure ikasleei beraien herri eta kulturarekiko maitasuna eta atxikipena zabaltzen saiatzen gara, eta uste dut hein batean bedeiño lortzen dugula. Herrietako hainbat dinamiketan parte hartzen dugu, izan inauteritan edota eguberrietan, izan ikastola moduan edota ikastolako kideak, herri dinamika horietan guztietan parte hartzen dute.

Ospakizunaren antolaketak ikastolaren eguneroko martxari eragin dio pasa den ikasturtean?
Orokorrean ez, nahiz eta horrelako urte berezi batek momentu puntualetan beti eragiten duen.
Hala ere, Nafarroa Oinez antolatzea ikastolaren ohiko antolaketa eremutik kanpo dago, beraz, maila akademikoak bere ohiko jarduna burutzen du eta orduz kanpo Oinezi eusten diogu, ikastolako famili guztiekin batera.

Eta hasi berri den honetan?
Ez, oraingoz ez. Hala ere, azken asteetan lastailaren 21aren eragina zuzenago nabaritzen hasi gara, bai ikastolan bai etxeetan, azken finean guztion ahoan dagoen kontua da. Baina orokorrean klaseak normal-normal garatuko dira bezpera bitarte.

Nafarroa Oinezen lortutako dirua zertara bideratuko da?
Mendiko ikastolak dituen oinarrizko beharrak asetzeko lehenik eta behin. Maitasun eta gogo handiz eraiki zen ikastola da gurea, baina diru gutxiz. Teilatutik sartzen diren itoginak konpondu, galdara berria jarri… oinarri-oinarrizko kontuak txukundu nahi ditugu. Hortik aurrera eta aukerarik balego, eraldaketa pedagogikoan sakontzeko espazioak berrantolatu nahiko genituzke.

Zer nolako zaharberritzea duzue buruan?
Bada, lortzen denaren arabera, gehiago edo gutxiago egingo dugu. Hala ere, lehenago aipatu moduan, teilatua berritu, galdara berria jarri, ikastolako bigarren solairua irisgarria bilakatu… oinarrizko gauzak egin nahiko genituzke, hortik aurrea aukerarik balego, eraldaketa pedagogikoan sakontzeko barne espazioak antolatu nahiko genituzke, baina lehenik eta behin oinarrizkoena.

Zer da hezkuntza eredua sendotzearen hori?
Heziketa prozesua iraultza bat jasaten ari da gurean. Ikastolen mugimendua 105 ikastolek osatzen dugu eta guztion arteko sareari esker, bizi dugun mundu aldakor honetan eragiteko ikasleak hezi eta hazi nahi ditugu, euskaratik eta euskaraz. Beraien gaitasun eta indarguneak azaleratuz, herritar osoak, aurretik aipatu ditudan oinarrizko balore horiek izango dituztenak hezi. Eta horretarako, alor desberdinetan ematen ari diren ikerketei begira gaude, neuro zientziak, heziketa emozionala, soziologia, pedagogia… Eta hauek oinarri, irakaskuntza prozesuak eraldatzen ari gara, haur bakoitzaren erritmoei begira, proiektu bidezko lanketak sustatzen, IKTen erabilera indartzen, ebaluazio jarraituan sakontzen, ezagutza teorikoa errealitate aldakorrei nola aplikatu azaltzen...   Ikasleei gizarte aldakor honetan libreago izan daitezen oinarriak jartzen ari gara.

Dena prest dago iganderako?
Horretan gaude, azken txandak betetzen eta eguraldiak kale egingo ez digunaren esperantzan.

Despeditzeko, zuzendariak zer eskatzen du iganderako?
Giro ona zentzu guztietan, bai klimatologikoki zein jendearen artekoari. Hortik aurrera, euskarak eta ikastolek laguntza behar dutela azpimarratu nahiko nuke, Nafarroan euskararen presentzia indartzeko ezinbesteko papera jolasten dugu ikastolok eta hauek guztion babesa behar dute, baita igandean ere.