Ezgaitasuna duten Nafarroako pertsonak eta haien familiak hainbat erakundetan antolatuta daude. Haietako 44 Cerminen elkartzen dira. Eta erakunde horren laguntza izan du Iñigo Aritza ikastolak Nafarroa Oinez inklusiboa izateko.
Zer da Cermin?
Ezgaitasuna duten Nafarroako pertsonak eta euren familiak erakundeetan antolatuta daude eta haiek ordezkatzen dituen erakundea da Cermin. Beste erakunde batzuez osatutako erakundea da. Gaur egun 14 gara: 12 erakunde eta 2 federazio; guztien artean, une honetan, 44 erakunde garela uste dut. Federazioetan daudenen kopurua aldakorra da. Ezgaitasun guztietako 44 erakunde ordezkatzen dugu.
Zein helburu ditu?
Helburu nagusia da ezgaitasuna duten Nafarroako pertsonen eta euren familien interesak defendatzea. Sentsibilizazioa egitea, eragin politikoa izatea, euren bizi kalitatea hobetzeko proposamenak egitea… Erakundeen edo haien kideen beharrei erantzutea. Legedietarako eta planetarako ekarpenak egiteko ditugun lan taldeetan babesa ematea.
Nafarroa Oinezko antolakuntzarekin harremanetan izan zarete aurten?
Iñigo Aritza ikastolatik gurekin harremanetan jarri ziren. Elkarrekin lan egitea zaila iruditzen zitzaigun, baina nahikoa erraza izan da. Alde batetik, Cermin berak parte hartu du, baita elkarteetako batzuek ere. Pertsona guztiak kontuan hartuko lituzkeen gero eta inklusiboagoa den Nafarroa Oinez bat egin nahi zutela, proposamen hori egin ziguten. Ez soilik ezgaitasuna duten pertsonak, bestelako desberdintasunak dituztenak ere; beste batzuetan kontuan hartu ez dena. Garrantzitsua iruditu zitzaigun. Badaude ezgaitasuna duten pertsonen artean euskara hizkuntza dutenak, ekintzetan parte hartzen dutenak, gizarte-bizitzan parte hartzen dutenak. Urtero egiten den ekitaldi batean haiek ikustarazteko modua ere bada. Behin hasita pertsona guztiendako irisgarritasuna betiko geldituko dela espero dut. Oso interesgarria iruditu zitzaigun eta lan eginez gauzak egitea lortu dugu.
Zein izan da zuen egitekoa?
Ezgaitasun guztien ikuspegi orokorra eman dugu, Nafarroa Oinez ahalik eta irisgarriena egiteko, bai ibilbidean, bai edukietan… ezgaitasuna duten pertsona guztiengana iristeko. Ikastolak egindako lanarekin, Nafarroako Ikastolen Elkartearen bidez, hainbat ikastolatan tailerrak egin dira: ezgaitasuna duten pertsonen inguruko tratamendua, nola jokatu eta haien larruan nola jarri. Tailer nahikoa parte-hartzaileak dira. Zati batean ezgaitasun desberdinak dituzten pertsonak nola tratatu azaltzen da. Askotan ez baikaude ohituta eta ez baitakigu nola jokatu. Gero hainbat ekintzen bidez pertsona horien larruan jartzen dira. Zehazki, tailerretara entzumen ezgaitasuna eta down sindromea duten bi pertsona joan ziren. Euren bizipen eta hezkuntzan bizi izandakoak kontatu zituzten. Nik uste nahikoa garrantzitsua izan zela. Ezgaitasuna duten kideak dituztenean nola jokatu ikasteko balio izan die.
Halako tamainako ospakizun batean inklusibitatea horrela tratatu da?
Nik uste dut ezetz, aurreneko aldia da kontuan hartzen dena. Nahikoa zailtasun ditu. Espazio irekian da, eta gauza asko ezin dira egin. Baina ikastolak urte guztian egin dituen ekimenetan kontuan izan da espazio irisgarriak izatea. Dendan ere hainbat ezgaitasunendako irisgarritasuna kontuan izan dute. Ekitaldietan ere espazio irisgarriak izatea kontuan izan da. Hori landu da, eta orain arte ez zen egin. Igandeari dagokionez, aire zabalean egitean zenbait gauza egiteko zailtasunak daude. Beste gauza batzuetarako, esaterako, gorrendako azpi-idatzitako ekitaldiak egitea zaila da, azpi-idatziak euskaraz eginen duenik ez baitago une honetan. Baina beste konponbideak eman dira. Aire zabalean gauza batzuk egitea zaila da. Baina haiei beti esan diegu asmoa dela gutxienez gu kontuan izatea. Eta ibilbidearen zatiren batzuk irisgarriak izatea, barra eta komuna batzuk irisgarriak izatea. Eta ekimenen bat irisgarria izatea, edo ezgaitasuna duten pertsonak parte-hartzaile izatea. Hori eginen da.
Zuendako zer suposatzen du Nafarroa Oinezek emandako pausoa?
Ikusgarritasuna ematen digu. Jende asko biltzen da. Horrek eragina du. Egingarria dela ikustean beste toki batzuetan egitera animatu daitezke. Batez ere, ikusgarritasuna, kontzientzia hartzea eta sentsibilizazioa ekarriko du. Jendetzagatik eta euren sare sozialetan jarraitzaile ugari dituztelako. Horrek ere ikustea ekartzen du. Ikustean jendea jabetzen da hori hor dagoela eta kontuan izan behar duela.
Inklusibitatea lortzeko egitekoak daude oraindik.
Bai. Hizkuntzara irisgarritasuna, hori zailagoa da. Hori ere kontuan izatea garrantzitsua da. Baina batez ere ikusgarritasuna. Mundu guztia kontziente izan dadila noizbait lerroaren beste aldean egon daitekeela: ezgaitasuna izan dezakeen pertsona bat izan gaitezkeela, aldi baterako edo betiko. Eta hori guztia pertsona denendako pentsatua eta prestatua egon behar du. Horrela sortzen bada, ekimena, hezkuntza edo dena delakoa denak buruan izanda egina izanen da. Horrek pertsona guztien eskubideak aitortzen ditu. Gure aldetik Iñigo Aritza ikastolari eskerrak ematea, gure hizketakide izan diren Isabeli eta Amaiari. Guztia asko erraztu digute, oso harberak izan dira. Guztiengan pentsatzeagatik izan duten interes horregatik. Haiek ikastolaren DNAn aniztasun-arreta nahikoa sartuta dute, baina Nafarroa Oinezen parte hartuko duten guztiei transmititu nahi diete.