“Inklusibitatea hori da: zaku berean desberdintasun guztiak egotea”

Guaixe 2018ko urr. 21a, 09:11

Isabel Salegi Rivera.

Isabel Salegi Rivera Iñigo Aritza ikastolako orientatzailea eta Nafarroa Oinezko Inklusibitate Batzordeko koordinatzailea¡ri elkarrizketa.

Iñigo Aritza ikastolak Nafarroa Oinez festa ibiltariari berritasun bat erantsi dio aurtengoan: inklusibitatea. Ospakizuneko ardatzetako bat da. Kontzeptu hori zer den eta ospakizunera nola eraman duten azaldu digu horren ardura duen batzordeko koordinatzaileak.


Hasteko zer da inklusibitatea?
Definizio asko ditu. Baina guretako aberastasuna hitzan oinarritzen da. Aberastasunaren ikuspuntutik aniztasuna begiratzea da inklusibitatea. Horrek suposatzen du denok desberdinak izatea. Denok ditugu ekarpenak egiteko eta elkarbanatzeko gauzak. Inklusibitatearen izenarekin Nafarroa Oinezen proiektu potoloa eraiki nahi dugu.

Ikastolan nola lantzen da inklusibitatea?
Egia da, gu oso harro gaude gure ikastolan. Betidanik gure ikuspuntua oso inklusiboa izan da. Desberdintasunean beti aberastasuna ikusi dugu, eta elkarlanean aritzeko modu bat. Betidanik proiektu askotan aritu gara. Ikastolan Pentazitate proiektuaren bidez baloreen lanketa sistematikoa egiten da, ikastola guztiona eta guztientzat da. Izan ditugu hainbat aniztasun, dibertsifikazio eta funtzio-aniztasun oso esanguratsuak dituzten ikasleak. Eta erantzun egokia emateko nahia izan dugu beti. Esan behar da horretan aritzen garenok adituak garela. Baina aurrera eramateko ezinbestekoa izan da klaustroaren, familien eta ikasleen partaidetza. Gaur egun bi gela espezifiko ditugu. Erronka handia izan dira. Nafarroako ikastolen artean trantsizio gela izaten lehenak izan ginen. Modu berean orain erronka berria DBHn gela espezifikoa ikastetxe arruntean izatea izan da. Orain arte zentro espezifikoan egon behar zuten ikasleak gure ikastolan bertan daude, bertan sortu dugun eskualdeko gela bat. Ez da orain asmatu dugun eredu bat, betidanik sinistu dugun eredu bat baizik.

Zer dira trantsizio gela eta hezkuntza espezifikoko gela?
Trantsizio gela da erantzun egokia ematea ikastetxe barnean aniztasun espezifiko oso esanguratsuak dituzten ikasleei. Programak oso zehatzak dira, estrategia desberdinak, oso arautuak izan behar diren espazioak. Hori Lehen Hezkuntzari dagokionez. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokionez, normalean zailagoa da espezifikotasun handia duten ikasleak ikastetxe arruntetan ikastea. Lortu dugu izatea horrelako unitate bat, eskualdeko unitate gisa. Horrek esan nahi du ez direla bakarrik ikastolako ikasleak hemen daudenak, beste ikastetxeetakoak etortzen dira ere. DBHn eskolatuta daude. Guk DOH 2 gela deitzen diogu, Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntzako Bigarrena, DBHri dagokiolako. Hori bai, berria da. Oso gutxitan ematen da. Ikasle horiek beste ikasleekin parte hartzen dute ikastolen egunerokotasunean eta parte hartzen dute haien erreferente gelakoekin hainbat gaietan. Aldi berean, haien premia espezifikoei dagokienez, erantzun egokia jasotzen dute. Erronka oso polita izaten ari da. Hori argi dago; ikastolan lan egiten dugunona, eta gurasoena ere bai. Eragile guztiei eskerrak eman behar dizkiogu halako ekintza bat bulkatzen duelako.

Inklusibitatea ikastolan barneratua duzue. Orain gizarteari erakustera inklusibitatea izan daitekeela?
Hori zen gure erronka. Nafarroa Oinez antolatu behar da, eta esan genuen: zergatik ez zabaldu? Guk sinesten dugun ereduan ikastolatik kanpo zeharko lana egitea. Hori proposatu genuen eta onartu zen. Horretan aberastasuna ikusten dugu. Sentsibilizazio lan handia aurreikusten genuen egiteko. Ez dugu ezer asmatu behar, beste ospakizunetan modu batean edo bestean kontuan hartzen dena. Baina, proiektu bezala, garrantzia handia zuela iruditzen zitzaigun: gizartea, eta parte hartzen duten denek, kontzientzia hartzea aberastasunaren ikuspuntutik zein garrantzia duen aniztasunari beste begirada orokor bat ematea.

Inklusibitatea nori dago zuzenduta?
Denok izan behar dugu inklusiboak. Hainbat fase pasa dira. Inklusibitatearen aurreko kontzeptua integrazioa zen. Integrazioak aniztasun desberdinak eremu normalizatu batean sartzea suposatzen du. Inklusibitatea aurrerako pauso bat da. Gizartean denok kabitzen gara. Denok barruan gaude. Ez da lehendik kanpoan zegoen norbait barrura sartzea, baizik eta barruan denok gaudela. Nafarroa Oinezek aurkezten duen proiektua ez da bakarrik funtzio-aniztasunaz edo halako arloez ari. Hitz egiten ari gara generoaz, arrazaz, osasun egoeraz, adin aniztasunaz, hizkuntza aniztasunaz… Oso egokia iruditzen zitzaigun denak sartzea. Inklusibitatea hori da: zaku berean desberdintasun guztiak egotea. Denok desberdinak garelako. Eta gizarteak eta pertsonek aberastasuna hor dugu: desberdinak izatea eta denok ekarpena egitea.  

Eta hori guztia nola txertatzen da Nafarroa Oinez moduko festa batean?
Alde batetik, oso erraza izan da. Gero, bada bide luzea. Modu askotan txertatu dugu. Eta jendeak oso jarrera egokia izan du. Lehen esan dudan moduan, gure lehen helburua sentsibilizazioa zen. Zehazki zer egin dugun? Atzera begiratu eta gauza asko egin ditugula ikusten dugu. Lehenengo egunetik hasi ginen. Lekukoa Altsasura iritsi zenean, guretako oso polita izan zen Altsasuko kioskoan, gure lekukoarekin, gure lehendakariaren hitzekin, zeinu-hizkuntzako interprete bat aritzea. Lehen seinalea izan zen. Denok ikasi dugu hasiera hasieratik “BIZI” zeinu hizkuntzan nola egiten den. Nafarroa Oinezen leloak, abestiak, dantzak, erronkak, Atxitamutxita ipuinak, eta hainbat eta hainbat ekintzak inklusibitateari buruz hitz egiten dute. Gero zeharkako lan asko egin dira. Gu batzorde askotan gaude. Eta batzorde guztietan galdera hori dute: eta inklusibitatekoek zer esaten dute? Edo nola eginen dugu inklusibitatea txertatzeko?

Prentsaurreko guztietan zeinu-hizkuntzaren adierazlea izan da. Komunikazio guztietan saiatu gara piktogramen bidez informazioa ematen. Edozein dokumentuetan, edo gehienetan, piktogramak agertzen dira, sentsibilizatzeko eta jende guztiarekin beste modu batean komunikatzeko. Hori inklusibitatearen beste adierazle bat izan da. Hasieratik arroparekin ere. Hor irudi desberdinak txertatu genituen, belaunaldiena, generoarena, irudi fisikoa, funtzio-aniztasunak, hainbat kulturatakoak… Erakusleihoetan asko landu da estereotipotan ez erortzeko. Denda bera nahikoa irisgarria da: arranpa, seinaleztapena, komunikazioa piktogramen bidez. Badaude ere praktika onen sustapenerako instrukzio batzuk. Ibilbidea egiterakoan irizpide asko kontuan hartu dira.

Adituen aholkularitza izan dugu. Ikuspuntu hori eman nahi izan dugu, profesionaltasuna. Ez da “mundu honetan denak balio du”. Gauzak ongi egin behar ditugu. Hori izan zen gure konpromisoa toki guztietan. Argazkien bidez bizi inklusibitatea ekintza egin genuen. Eta ikastola guztietara iristea saiatu ginen. Inklusibitatearen proiektu hau txertatzeko Nafarroako ikastola guztietan hainbat tailer egin genituen ere. Irisgarritasuna lortzeko web orrian ere lan handia egin genuen. Ikusmen-aniztasuna dutenendako grabazioak daude, esate baterako. Irudiari dagokionez, grafismoko jendea oso adi egon da koloreak eta irisgarritasuna bermatzeko… Gauza asko.  

Beraz, zuek eta ikastolako komunitateak ikasi duzue!
Hori da. Gehiago trebatu gara. Hor ere ahalegin handiagoa egin dugu irisgarritasuna bermatzeko. Eta, bai, denok batera asko ikasi dugu. Hasiera-hasieratik erakunde batzuekin harremanetan izan ginen. Ikuspuntu profesionala edo adituena eman nahi genuen. Ongi egindako proiektu bat egiten saiatuz. Ez edozer gauza. Hanka sartu dugu askotan, jakina. Erakunde desberdinekin elkarlanean aritu gara. Gurekin aritu diren zenbait erakunderi eskerrak eman beharra dugu: Biak Bat, Cermin, Eunate, Once eta Ibiliz, Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Zerbitzua, Altsasuko Udalaren Berdintasun Zerbitzua… Ikuspuntu hau zabaltzen eta garatzen asko lagundu digute. Guk zeharkako lan hori egin dugu ikastolan inplikatuta dagoen jende guztiari helarazteko.

Piktogramak, kolore gamak, audioak, zeinu-hizkuntza… Horiek guztiak nori zuzenduta daude?
Printzipioz, denei. Adibidez, piktogramak. Euskara maila desberdinak daudela, bada, euskaraz dagoen guztia ulertzeko irisgarria egin. Grafiko aldetik laguntzen du. Adimen-aniztasuna dutenei laguntzen die ere. Adinduei. Denei ikuspuntu anitzagoa ematea ere bada.

Nola egiten da hori guztia Nafarroa Oinez egunean txertatzeko?
Orain bukaeran gaude eta gauzak nola borobiltzen saiatu garen ikusten dugu. Hor gauden guztiak erronka bera dugu eta oso polita da edozein batzordean egotea, edo jendearekin, eta entzutea: inklusibitatea, inklusibitatea, inklusibitatea…  Kontuan hartzen da. Nola? Komunikazio lana izugarria da. Inklusibitatea eta irisgarritasuna denei iristea… Hasierako ekitaldietan zeinu-hizkuntza interpretea izanen dugu.

Pailazoekin, adibidez, ondoan interprete bat zeinu-hizkuntzarekin arituko da. Seinaleztapenean saiatu gara areagotzen. Gune guztietan braillen idatzitako gunearen mapa. Esku-orriak braillen izanen ditugu. Ibilbidea erliebez egina ere. Panel handian jarri dugu denek ikusteko. Ikurren bidez eginen dugu. Distantziak markatzearena, jendeak jakiteko toki batera iristeko gaitasuna duen. Atseden guneak ere areagotu ditugu, adinduendako, haurrendako…

Irisgarritasuna bermatu dugu ibilbidean gune guztietara iristeko gaitasuna izateko. Mendian eginen da eta hor ez da hain erraza leku guztietan irisgarria izatea. Tabernak egokituta daude. Hori sanferminetan egin zen. Lan bikaina egin dute muntaian eta horretan daudenak. Lortu dugu barra guztiak gurpildun-aulkietarako egokituak izatea. Egokitutako komunak bereziki zainduta egonen dira, garbitasuna bermatuta. Aparkaleku egokituetan lekua izateko erantzun zabalagoa ematen saiatu gara. Informazio-gunetan, informazio irisgarria areagotuko da. Guneetan, ibilbidean, aparkalekuetan inklusibitate-boluntarioak egonen dira. Funtzio-aniztasuna, adinarena eta elikadura asko landu da. Prestakuntza hau egin den bitartean kontuan hartu dira zeliakoak, beganoak, alergien sinbologia txertatzea eskaera orrietan…

Zerrenda luzea da. Lan handia dago hor atzean.
Bai. Eta bereziki aipatu behar ditugu inklusio tailerrak. Bi motatakoak izanen dira. Alde batetik, 1. gunean kultura desberdinetako tailerra, Sakanako Mankomunitatearen Anitzartean zerbitzuren eskutik. Aberastasun guztia erakusgai izanen dugu, hor txertatzeko. 3. gunean inklusibitatearen eremua izanen dugu, funtzio-aniztasunari dagokiona. Hor tailerrak izanen dira, Oncekoak, Cerminekoak… Hor inklusibitatearen presentzia areagotuko da. Emakumearen gaiarekin, hor ere badago inklusibitatea. Altsasuko Udalaren Berdintasun Saileko arduradunaren laguntza izan dugu. Puntu morean informazioa mugimendu feministak banatuko du. Pertsona guztiekin praktika onen sustapena areagotu nahi dugu. Horretarako dekalogo erraz bat egin dugu. Errepikatuko da eta ikusiko da, ikuspuntu hori denon artean nola indartu dezakegun. Denok gara inklusiboak. Mundua denondako da. Hori da lortzen saiatzen ari garen helburua. Ea nola suertatzen den.

Orain arte egindakoaren balorazioa zein da?
Oso ona. Askotan baloratzen dugu zeinen ongi garatzen ari den proiektua…  Batzordearendako lana da, bilera asko eta abar. Baina beti ikuspuntu hori dugu. Oso gustura gaude egiten dugun guztiarekin. Gure asmoa  gauzatzen ari garen proiektu hau hurrengo Nafarroa Oinezi pasatzea da. Eta, jakina, haiek handitzea. Esandakoa, ez gara ezer asmatzen ari. Baina gai honi indar pixka bat gehiago ematen, bai, horretan saiatzen ari gara.

Beraz, inklusibitatea Nafarroa Oinezen eta ikastoletan gelditzeko etorri da?
Bai. Horrela onartu da eta hori da asmoa. Guk egindako proiektu hau hurrengo Nafarroa Oinezen segitzea. Egunean bertan eta zeharkako ekintzetan lantzea. Guk egin duguna hor gelditzen da. Espero duguna da hurrengo Nafarroa Oinezen indartzea.  

Dekalogoa betetzea eta hobetzea.
Hori da. Erronka polita da. Eta, nik uste, denok prest gaudela aurrera eramaten laguntzeko.

Gogoraraziko diguzu dekalogoan zer dagoen?
Dekalogo hau errez-alde egin dugu. Inklusibitateari buruzko asko daude, baina guri hau esanguratsua iruditu zaigu.  
1. Denok gara berdinak desberdinak garen aldetik.
2. Ikusi pertsona guztiak berdintasun ikuspegi batetik.
3. Pertsona osoari eskaini arreta, ez soilik desberdintasunei.
4. Aniztasuna aberastasun gisa ulertu.
5. Jendarte inklusiboa eraikitzen lagundu.
6. Aniztasunaren adibideei erreparatu.
7. Errespetuz komunikatu.
8. Irisgarritasuna erraztu.
9. Elkartasunez jokatu.
10. Ondo pasa Nafarroa Oinez ikuspegi inklusibotik biziz.