'Cosimoren Katiuskak' albuma aurkeztu dute

Guaixe 2018ko urr. 22a, 11:28

Ana Ibañez ilustratzailea eta Dani Martirena idazlea. UTZITAKOA

Etxepare literatura sariaren irabazlea izan zen Ana Ibañez ilustratzailearen eta Dani Martirenaren lana. Pamiela argitaletxeak argitaratu du

Sakanako Mankomunitatearen eta Nafarroako beste 21 erakunderen euskara zerbitzuek elkarlanean antolatzen dute Etxepare literatura saria. Euskaraz sortutako haurrendako albumen produkzioa sustatzea du helburu lehiaketak. Ekainean eman zuten aurtengo edizioaren irabazlearen izenburua: Cosimoren Katiuskak. Ana Ibañez ilustratzailearen eta Dani Martirena idazlearen lana da. Albumaren aurkezpena egin dute orain. Pamiela argitaletxeak argitaratu du.

Italo Calvinoaren II bareno rampante liburu ezagunaren erreferentzia erabili eta gaurkotu dute egileek Cosimoren Katiuskak istorioa sortzeko. Cosimo eta parke txiki bat dira protagonistak. Cosimok zuhaitz baten gainean etxola bat eraiki nahi du eta hortik inguruari erreparatzen dio. Albumak haurrei baliabide berriak erakutsiko dizkie, eta edertasunaren aldarrikapena ere zabaltzen du lanak. "Gogoetarako kontakizuna da", epaimahaiaren esanetan.

Leire Bilbao idazleak, Leire Salaberria ilustratzaileak eta Asun Agiriano haur bibliotekariak osatu dute epaimahaia. Haien iritziz Cosimoren Katiuskak album ilustratu batek izan behar dituen ezaguarriak "bikain" erakusten ditu. Hortaz, irakurlea adi mantentzea lortzen du eta heldu baten konpainiarekin irakurri behar da. Bai testua bai ilustrazioak indartsuak direla gaineratu du epaimahaiak: "bi lengoaiak aberatsak dira".

Dani Martirena Indart albumaren idazlea legasarra kazetaria da eta EITB-ko albistegietan lan egiten du. Hainbat literatura lehiaketetan parte hartu du eta bere lanak sarituak izan dira. Esaterako Bero haizeak eta Esku hori Basauriko Euskarabila elkarteak antolatutako ipuin erotikoen lehiaketan sarituak izan ziren, eta Txalaparta argitaletxeak lan sarituen bilduman kaleratu zituen. Iruñeko Udaleko idazle berriendako literatura lehiaketan ere parte hartu du, eta lehen saria jaso zuen 2015ean: Astearte hark arrun bat behar zuen lanarekin.

Ana Ibañez Elosuak egin ditu albumaren ilustrazioak. Arte Ederretan lizentziaduna da, eskultura espezialitatean, eta arte eskolan grabatu eta estanpazio teknikak ikasi zituen. Hainbat erakusketetan parte hartu du, besteak beste: Biguina eta beroa Zizur Nagusiko kultur etxean, Gayarre Antzokian eta Molmar arte galerian, besteak beste. Iruñeko Gazte Sarien XIV. deialdian 2. eta 3. saria jaso zituen Ibañezek. Martirenak eta Ibañezek bi liburu auto ekoizpenean argitaratu zituzten: Hankaz gora du amaik mundua (2016) eta Jonek Jone izan nahi du (2017).