De Amicitia Nazioarteko Gobernuz Kanpoko Erakundea da, besteak beste, lan-eremuetara boluntarioak bideratzen dituena, auzolanak egiteko. Bada, De Amicitia taldeko 7 boluntario Sakanan daude, besteak beste Nafarroa Oinez egunaren harira ingurumen lanak egiteko. Aurretik aipatu erakundetik makina bat boluntario aritu izan dira Sakanako zenbait proiektutan lanean, besteak beste Enneco Haritzaren Memoria parkean lanean, Bernoa galtzada berreskuratzen eta abar.
Nafarroa Oinezeko koordinatzaile Jone Aretak aipatu duenez, “De Amicitiako boluntarioek Sakanako Mankomunitatearen bitartez jarri dira gurekin harremanetan. Guztira monitore bat eta 6 boluntario etorri dira, eta Frantzia, Italia, Errumania eta Guayanako jatorria dute”.
Urriaren 18an iritsi ziren, ostegunean, eta urriaren 26ra arte egongo dira. “Nafarroa Oinezen aurretik hesiak jartzen eta beharrezko laguntza ematen egongo dira eta Nafarroa Oinez egunean eta ondoren garbiketa lanetan, Ingurumen Batzordekoekin batera” gaineratu du Aretak. Horretaz gain, Bakaikura bi egun joango dira, baso lanak egitera, gaztainondoak landatzeko lurra prestatu eta gaztainondoak landatzera. Eta formazioa ere eskainiko dute. “Urriaren 23an Andra Mari ikastolan izango dira eta urriaren 26an Iñigo Aritzan, formazioa eskaintzeko, ingelesez. LH 3. zikloan birziklapenaren inguruko prestakuntza emango dute eta DBHkoekin ekosistemari buruzkoa”.