Nafarroa Oinez festa erraldoia da, urte osokoa. Lesakako Oinezen lekukoa jaso zenetik makina bat ekitaldi antolatu dira. Eta horrek naturan bere aztarna uzten du: ekitaldiekin energia kontsumitzen da, baliabide naturalak kontsumitzen dira, hondakinak sortzen dira, berotegi-efektuko gasak isurtzen dira… Horren jakitun, naturari baliabide horiek bueltatzeko asmoz sortu zen Oinez Basoa, 2008an. Izan ere, Nafarroa Oinezekin kontsumitzen diren baliabide naturalak naturari bueltatzea, hori da Oinez Basoaren funtsa.
10 urtetan 47.000 zuhaitzetik gora landatu dira
2008an jaio zen proiektua, festaren aztarna ekologikoa gutxitzeko asmoz, eta ordutik hona Nafarroa Oinez festak antolatu diren tokietan –Arbizun, Tafallan, Zangozan, Baztanen, Andosilla-Sartagudan eta Lesakan– 7 Oinez Baso sortu dira. Oinez Baso horiei esker, 10 urte hauetan 47.000 zuhaitzetik gora landatzea lortu da Nafarroa osoan barrena, Nafarroa Oinezek uzten duen elkartasun-aztarna.
Lehendabiziko Oinez Basoan, Arbizun, 9 espezieko 5.200 zuhaitz hartuko zituen Oinez Basoa sortu zen. Horretaz gain, anfibioendako —bereziki babestuta dagoen baso-igel jauzkariarendako— 2 putzu sortu ziren, haien habitata hobetzeko eta hegazti migratzaileei atseden-gunea eskaintzeko. 10 urte geroago, Iñigo Aritza ikastolan Oinez Basoa proiektuari jarraipena emango zaio, gure seme-alabak ingurumenaren zaintzarekiko sentsibilizazioan hezteko. Bost proiektu zehatz egingo dira.
Altsasuko Oinez Basoa: 5 egitasmo
Iñigo Aritza ikastolak Altsasuko Udalarekin elkarlanean jorratuko du ekimena, Oinez Basoak ikastola komunitateari gaindi, Altsasuko herriari eta gizarte osoari onura ekarriko diolako. Sinatutako hitzarmenari esker honako lanak egingo dira:
1. Landaketa: Zuhaitz hostotsuen landaketa Usolarrainen, bertako natura-inbentarioa osatuko dutenak.
2. Sagu-zaharrendako habia-kutxak kokatuko dira. Biologo adituek adierazitako lekuetan habia-kutxak edo babeslekuak kokatuko dira sagu-zaharrendako. Gure zonaldean Bechstein sagu-zahar espeziea dago; tamaina ertaineko oihan kiropteroa da, bere zabaltze-eremu guztian espezie arraro gisa kontsideratua dago eta nagusiki hariztiei lotuta bizi dena. Habia-kutxa artifizialak kokatzeak bere populazioaren hazkundean lagun dezake.
3. Kiropteroen inguruko interpretazio kartelak. Kartelaren edukia eta diseinua Iñigo Aritza ikastolan landuko dira. Kartelak Lehen Hezkuntzako ikasleek sagu-zaharren inguruan egiten duten interpretazioa jasoko du. Kartelaren diseinua ikuspegi inklusibotik egingo da, eta bere kokalekua habia-kutxen tokiari lotuta egongo da.
4. Txuspo Poyoren zuhaitz-etxearen berriztapena. Duela 10 urte kokatu zen Dantzalekuko haritz basoan. Zurezko etxe hau eusteko ez zen iltze bat ere erabili. Zuhaitz-etxea hartzen duen haritzaren hazkundea dela-eta, doikuntzak behar ditu, zuhaitza inguratzen duten uztaiak egokitzea, besteak beste.
5. Oinez Basoaren interpretazio kartela. Kartelaren edukia eta diseinua Iñigo Aritza ikastolan egingo dira. Kartelak Oinez Basoa proiektu orokorraren eta tokiko proiektuaren berri emango du. Ikuspegi inklusiboa aintzat hartuta landuko da.
Nola lagundu Oinez Basoan?
- Zuhaitzak babestuz: Zuhaitz bakoitzeko 10 euroko ekarpenarekin, denendako izanen den baso baten sorreran lagunduko da.
- Proiektua lagunduz: Bai pertsonalki bai enpresa edota talde baten izenean, ekarpenak 100 zuhaitz baino gehiago babesten baditu, ikastolak proiektua zabaltzeko erabiliko dituen baliabide eta tresnetan laguntzailearen berri emango du.
Nafarroa Oineztik nabarmendu dute Oinez Basoaren alde egiten duenak gure mendi eta ekosistemak babestu eta aberasteaz gain, euskara mantentzen eta indartzen lagunduko duela.