Nafarroa Oinez festan gazteen artean urtetik urtera interes handiago sortzen du Erronkak. Zer da? Finean, DBHko 13 eta 16 urte bitarteko ikasleek osatutako taldeen ikastola arteko lehiaketa berezia, kirola, jarduera fisikoa eta abilezia biltzen dituena, ikasleek urtetik urtera kuttunago dutena. Izan ere, Erronka irabaztea ez da eguneroko kontua. Aurtengo Nafarroa Oinezen Erronkako V. Edizioa jokatuko da eta 12 talde izango dira lehiatuko direnak, Nafarroako 11 ikastola ordezkatuz. Tartean bi talde izango dira, Sakanako bi ikastolak ordezkatuko dituztenak: Iñigo Aritza taldea eta Andra Mari taldea.
Aurreko urteko Erronka, Lesakako Nafarroa Oinezen jokatutakoa, Iñigo Aritza ikastolak irabazi zuen. Ondorioz, Iñigo Aritza ikastolan egon da Erronkako lekukoa urte honetan guztian. Baina igandean, Altsasuko Nafarroa Oinez egunean, lekuko preziatu hori atzera ere jokoan jarriko da, eta ikusteko dago zein ikastolak lortzen duen urte guztian lekuko preziatuaren jabetza izatea. Iñigo Aritzak iaz lortutako garaipena defendatzen saiatuko da, lekukoak Altsasun jarraitzeko, baina Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak eta gainontzeko ikastolek altsasuarrei lekukoa kentzeko lan gogorra egingo dute.
Esan bezala, 11 ikastola ordezkatzen dituzten 12 talde lehiatuko dira. Talde bakoitza 12 kidez eta 2 kapitainez osatuta egongo da, eta guztiek 4 proba osatu beharko dituzte. Lau proba horietan lortutako puntuen batuketak erabakiko du zein den Erronkako txapelduna eta lekukoa zein ikastolara joango den. Probetan ikasleen abilezia, indarra eta abiaduraz gain, buru-argitasuna, jakintza orokorra eta euskaltzaletasuna neurtuko dira, eta alderdi fisikoa zein psikikoa uztartuko dute jokoan jarriko diren lau probek. BIZI Erronka eta onenak irabazi dezala!!!
Lau probak
-1.Oreka (4. gunea, 10:00etan): Balantza batean dauden ikaslez eta ikuslez bi talderen artean oreka bilatzea du helburu proba honek. Horretarako, taldeetako partaideak aldatzen joango dira erabateko oreka lortu arte.
-2.Orientazioa (1. gunea, 11:00etan): Mapa bat erabiliz gunean ezkutatuta dauden lau postontzi bilatu beharko dira. Bakoitzean dauden argibideei esker jakingo dute zer egin aldiro. Hiru postontzi dira guztira, beraz, hiru azpi-proba egin beharko dira.
-3.Barazki kanibala (3. gunea, 12:00etan): Soka batetik zintzilik dagoen barazki sorta batetik ahalik eta jaki gehien hartu behar da. Baina horretarako ezin izango dira eskuak erabili, ahoa baizik. Lau laguneko taldeak lehiatuko dira, eta elkarri lotuta egongo dira, horietatik bi, begiak estalita.
-4.Oztopoz oztopo (2. gunea, 13:00etan): Salto egin, sokak heldu, zakuak altxatu, korrika egin eta abar. Denetatik egin beharko da azken proba honetan.
Egingo diren lau probak dagoeneko ezagutzen dituzte parte-hartzaileek, Nafarroa Oinezeko YouTube kanalean daude ikusgai.
Bideo lehiaketa
Nafarroa Oinezko Erronka lehiaketarekin batera, duela 3 urte baztandarrek martxan jarritako Erronka bideo-lehiaketari jarraipena eman zaio ere aurten (Rural Kutxako Bideo Lehiaketa) Horrela, ikastola bakoitzak bideo bat grabatu du bere taldea aurkeztuz, eta bideo horiek bozkatzeko aukera dago. Horretarako, honako loturan sartu behar da: https://erronka-oinez.joveninhastalos30.com/oinez. Ikasleek irudimena, gogoak eta ilusioa dutela argi ikusten da.
Epaimahaiak ondoko sariak banatuko ditu: sari nagusia (600 euro ikastolarendako), bigarren saria (400 euro ikastolarendako) eta hirugarren saria, ikuslegoaren saria (200 euroko saria ikastolarendako).