Ezkurdia finalerdietara

Guaixe 2018ko urr. 22a, 13:45

Lau t’erdiko finalerdietarako ligaxkako 2. jardunaldian Altuna III.a 10 tantotan utzi zuen arbizuarrak eta ligaxkako  jardunaldi baten faltan, finalerdietarako sailkatu da

Joseba Ezkurdia Lau t’erdiko finalerdietarako sailkatu da ligaxkako jardunaldi baten faltan. Izan ere, ligaxkako 2. jardunaldia zegoen jokoan asteburu honetan eta bikain aritu zen arbizuarra: 10 tantotan utzi zuen egungo txapeldun Altuna III.a.

Aurreko jardunaldian Victor 5 tantotan uztetik zetorren Ezkurdia; Altunak, bere aldetik, garaipen sendoa lortu zuen Olaizola II.aren kontra. Horrela, partida ikusgarria espero zuen katedrak eta bi pilotariek ez zuten hutsik egin. Indartsu hasi zen Ezkurdia eta hasieratik aurrera hartu zuen: 0 eta 4 aurreratu zen. Pilota abiadura ikaragarriarekin mugitu zuen eta kolpe indartsuekin partida bere aldera eman zuen; hala ere, nahiz eta gehienetan dominatua ibili, Altunak ez zion lana erraztu. Gutxika aldea atera zuzen arbizuarrak eta, azkenean, 10 eta 22 irabazi zuen. Ligaxkako lehen bi jardunaldiak alde ederrarekin irabazi eta gero, Ezkurdiak Lau t’erdiko finalerdietarako sailkatzea lortu du.

A multzoan, lau t’erdiko finalerdietako ligaxkako 3. jardunaldian Ezkurdiak Olaizola II.a izango du arerio eta Altuna III.ak Victor. Olaizolak jokatutako bi partidak galdu ditu, Altuna III.aren eta Victorren kontra eta Altuna III.ak eta Victorrek garaipen bana dute. Hortaz, euren arteko partidak erabakiko du nor pasako den finalerdietara, Ezkurdiarekin batera.

B multzoan gauzak ez daude horren argi. Gaur Bengoetxea VI.aren eta Retegi Biren arteko partida jokatuko da. Aurretik euren partidak irabaztetik datoz biak, puntu banarekin. Bengoetxeak irabazten badu, finalerdietarako txartela lortuko du, eta Retegi Bik irabazten badu, sailkapena estutu egingo da. Bestalde, Elezkanok orain arteko bi jardunaldietan galdu egin du eta Urrutikoetxeak partida bat irabazi eta beste bat galdu egin du. Ligaxkako hirugarren jardunaldian Retegi Bi Urrutikoetxearen kontra ariko da eta Bengoetxea VI.a Elezkano II.aren kontra.