Lagun Artea liderra eta Altsasu hirugarrena

Guaixe 2018ko urr. 22a, 15:51
Altsasu taldea hirugarren postura igo da.

Erregional maila. 7. jardunaldia: Lagun Artea 4 – Liceo Monjardin 0 / Altsasu 5 – San Ignacio 2

Gauzek ongi segitzen dute erregional mailan dabiltzan Lagun Artearendako eta Altsasurendako. Lagun Arteak beheko postuetan dagoen Liceo Monjardin hartu zuen larunbatean Zelai Berrin eta lehen zatian ez zen futbol gehiegirik egon. Bigarren zatian, 51. minutuan Mendietak Lagun Artearen aldeko lehen gola sartu zuen, gol ikusgarria. Hortik aurrera Lagun Arteak agintea hartu zuen eta Anderrek (2) eta atzera ere Mendietak sartutako beste hiru golei esker, 4 eta 0 irabazi zuen Lagunek. Partida erosoa izan zen lakuntzarrendako.

Altsasun ere kontentu geratu ziren Dantzalekun bildutako zaleak. Altsasuk San Ignacio taldea hartu zuen, eta hasieran hobeto aritu ziren Iruñekoak, 0 eta 1 aurreratu baitzen San Ignazio. Altsasuarrek egoerari tamaina hartu zioten eta atsedenaldirako 2 eta 1 aurreratu ziren, Christianek sartutako bi golei esker. Bigarren zatian partidak bere horretan jarraitu zuen, altsasuarren erasoekin. Imanolek eta Floresek 4 eta 1 aurreratu zuten Altsasu eta ondoren bigarren gola sartu zuen San Ignaciok, baina Imanolek bosgarren eta azken gola sartu zuen eta partida 5 eta 2ko emaitzarekin bukatu zen.

Lagun Arteak jarraitzen du lider (19 puntu), Lagunak B taldearekin puntutara berdinduta. Altsasu da hirugarrena, hiru puntu gutxiagorekin (16 puntu). Asteburuan San Ignazioren kontra ariko da Lagun Artea, Iruñean, eta Altsasuk Barañainen jokatuko du, Lagunak B taldearen kontra. Bigarren postua dago jokoan.