Sakanan tren txikitzailerik ez, mobilizatu zaitez!!!

Sakana Trenaren Alde plataforma 2018ko urr. 26a, 08:11

kolaboratzaileak

Badirudi aste honetan bertan Manu Aierdi bilduko dela Ábalos ministroarekin, eta aztertuko duten gaietako bat Abiadura Handiko Trenaren (AHT) eraikuntzan Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea izanen dela. Dakigunez, AHT horretarako korridore berria proiektatu dute Sakanarako; hala ere, jakin badakigu egungo trena prestaturik dagoela hobekuntzarako: trenbide bikoizketa, hirugarren erraila, Europako estandarretara egokitua, trazaduran hobekuntzak, eta beste hainbat.
Korridore berri horrek izugarrizko txikizioa ekarriko luke Sakanarako, 40 kilometrotan suntsiketa eta txikizioa. Nekazaritza eta abeltzaintzarako lur hoberenen hondamena, eta ingurumenarentzat eta basa animalientzat  orbain-hesi ikaragarria: 400 futbol zelairen eremua trintxeraz, murruz, ezpondaz eta zubibidez beteta. Onurarik, berriz, batere ez. Eskualdearen txirotzea eta tren zerbitzuak galtzea, besterik ez.
Izan ere, proiektu hori Madrilen diseinatu dute jende boteretsuek, alegia, bankariek eta Ibex 35ean kotizatzen duten enpresaburuek, eta, halaber, politikari zerbitzariek, proiektua aurrera eramateko ezinbestekoak. Ministerioetako bulegoetan eta enpresarien bilkuretako luxuzko saloietan asmatua, negozioa obra publiko erraldoia egitean datza, handikeriaz, milaka milioi diru publikoa xahutuz. Ez dio axola gizartearen benetako beharrekin zerikusirik ez izatea, azken batean, haien lukroa besterik ez dute bilatzen. Bankariek eta enpresariek milioikako irabaziak bermaturik dituzte eta politikariek irabazi politikoak, sari-komisioak, ate birakariak eta bestelakoak izanen dituzte. Laburbilduz, ustelkeria eta herritarrei egiten ahal zaien iruzur edo estafarik handiena.
Ekonomia aditu guztiak bat datoz esateko Estatuan garatu den AHT plana porrot ekonomiko eta sozial ikaragarria dela; baita Europako Kontuen Auzitegia ere; hala ere, politikariek eta hainbat enpresatako eragileek hor darraite gezur handia elikatzen (garapen ekonomikoa…).
Hori horrela, une honetan oso garrantzitsua da sakandarron mobilizazioa. Proiektu suntsitzaile horren ordez, egungo trenaren garapenaren bidez, herritarron beharretara egokitutako tren sozial bat eraikitzeko. Horregatik, animatzen zaitugu Sakana Tren Sozialaren Alde plataformak herrietan abiarazi dituen batzarretan ekintzaile izatera.