Oinez bizi-bizia

Guaixe 2018ko urr. 24a, 19:44

Iñigo Aritza ikastolak Nafarroa Oinez festaren balorazio ona egin du.

Bizi lelopean Iñigo Aritza ikastolak antolatutako 4. Nafarroa Oinez festa ospatu zen domekan. Hasiera ekitaldian ikastolako lehendakari Eneida Carreño Mundiñanok ikastolaren sorrera “latzak, trabaz betetakoak” gogoratu zituen, baina horren guztiaren gainetik, lan egiteko “gogoa, grina eta euskararekiko maitasuna” nabarmendu zituen. “Gaur hemen biltzen gaituen arrazoiak asko dira eta ikastola proiektuari babesa, laguntza eta maitasuna adieraztera hurbildu zareten guztioi esan, honetan sinesten dugula eta lekukoa harro eramango dugula”.

Hitz horiek, besteak beste, Nafarroako beste ikastoletako ordezkariak, ikastolak ikasleak hartzen dituen lau herrietako alkateak, Uxue Barkos Berruezo Nafarroako lehendakaria eta Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarez Igarza bertan zirela eman zitzaion hasiera ospakizunari. Barkosek eskerrak eman zizkien Ikastolen proiektuko parte diren eta izan diren guztiei euskararen alde urte guzti hauetan egindako lanagatik. “Euskara etorkizuneko hizkuntza da. Mamua uxatu behar dugu, eta  euskarari sarrera ukatu zaion lekuetara eraman. Oztopoen gainetik euskaraz bizi”.

Ibilbideari ekiteko zinta moztu beharra zegoen eta ohore hori Benignoren taldeko Tere Irigoienek eta Juan Manuel Galartzak izan zuten. Biek 2005tik Nafarroa Oinez guztietan paella prestatu duten paella egileen taldea ordezkatu zuten.

Eguraldia lagun, milaka euskaltzale ibili zen Nafarroa Oinezko zirkuituan barna. Nafarroako ikastolen aurreko festa guztietatik bereizten zuen bereizgarri bat bazuen aurten ospakizunak: inklusibitatea, arlo guztietan ulertuta. Eta erronka hori ederki bete zela esan zuten antolakuntzatik. Horren adibidetzat inklusio tailerra jarri zuten. Ekintza guztiak arrakastatsuak izan zirela esan zuten antolatzaileek, bereziki nabarmenduz Haurren Hiria eta Erronka. Gazte taldeen arteko lehiaketa Altsasuk irabazi zuen. Ospakizunaren “oso balorazio ona” egin zuten, “aurreikuspenak bete eta gainditu egin dira”.

Omenaldia
Iñigo Aritza ikastolak Nafarroa Oinez baliatu zuen hainbat omenaldi egiteko. Iortia kultur gunean, eguerdian, ikastolako langileak omendu zituen, denak, irakasleak, bulegariak, autobusetako zaintzaileak, jangelako arduradunak eta garbitzaileak. Gurasoekin eta ikasleekin batera langileak “funtsezko zutabea” direla aitortu zuten eta 40 urtetan egindako lana eskertu zieten “elkarlanari eta konpromisoari balioa emateagatik”. Langile eta langile ohi guztien izenean Sonia Lizarragak hartu du hitza, eta egin zaien omenaldia eskertu du: “Gogotsu eta ilusioz ari gara esparru desberdinetan, Iñigo Aritzak aurrera egin dezan. Gustura eta harro gaude Iñigo Aritzako kide izan eta garelako”. Miren Ustarroz eskultorearen lan bat jaso zuen.

Nafarroako Ikastolen Elkarteak, berriz, Pamiela argitaletxea omendu zuen, “Nafarroan euskararen aldeko apustu irmo eta zintzoa egitegatik”. Eta argitalpen lanaz aparte, "Euskara Kultur Elkargoarekin batera, ikasleen artean gure hizkuntzan irakurtzeko eta idazteko zaletasuna pizteko 2006an mikroipuin lehiaketa sortu” zuela gogorarazi zuten. Eguerdiko ekitaldia Nafarroa Oinezeko lekukoaren aldaketarekin despeditu zen. Eskuz esku Iñigo Aritza ikastolako arduradunetatik NIEkoengana eta haien eskuetatik Tuterako Argia ikastolara pasa zen. Argiñe Korta zuzendariak eta Maru Erize Nafarroa Oinez antolatzeko eurengan jarritako konfiantza eskertu zuten. Laugarren aldia izanen da Nafarroako ikastolen festa Tuteran.

Batez ere goizean, albistea jakin berritan, baina egun guztian ikastola eta Nafarroa Oinez komunitatea osatzen zuten guztiak saminak jota ibili ziren lanean. Guztiek ere auto istripuan hildako ikasle ohia eta haren familia zituzten gogoan.