Gazte asanbladek bere burua birpentsatzeko jardunaldiak antolatu dituzte

Guaixe 2018ko urr. 31a, 15:10
Joan den urteko Gazte Eguneko kalejira.

Sakanako 10 gazte erakundek haien egungo “egoera irauli eta ekimena hartzeko” prozesua abiatuko dute.

Irurtzun-Arakilgo, Lakuntzako, Arbizuko, Etxarri Aranazko, Bakaikuko, Iturmendiko, Urdiaingo, Altsasuko, Olatzagutiko eta Ziordiko gazte asanbladek Erroetara joz, pauso berria zerumuga! jardunaldiak antolatu dituzte. Bihar hasi eta abendu akaberan despedituko den hausnarketa prozesua da. Horren guztiaren abiapuntua joan den urtean Ziordian antolatu zuten Sakanako Gazte Egunean dago. Zenbait gairen inguruko lanketa eta eztabaida sustatu zituzten. Gazteek aitortu dutenez, “perspektiba bateratu batetik elkarlotzeko zailtasunak izan genituen. Gazte asanbladen definizioa garatu gabe genuenaren ondorio zela ikusi dugu. Zer garen, nola ulertzen dugun gazteria, zer funtzio eman gaztetxeei…”

Gazte antolakundeetako kideek esan dutenez, “egoera horretan egoteak, asko zailtzen du gure proiektuen garapen eta hedapena. Definizio ezak noraezera kondenatzen gaitu. Eta noraez horrek, lanketa perspektiba bateratu bat elikatzetik urrun, egungo sistemaren errealitatearen inertziei erantzuten dio”. Horren adibide lirateke, esaterako, atxiloketen, gaztetxeen husteen eta hilketa matxisten salaketak edo AHTren kontra egitea. Gazteek laburbilduta: “sistema kapitalistaren aurka egin, baina alternatibarik eraikitzeko norabide garbirik gabe”. Asanbladetako kideek “aldatzeko beharra” sumatzen dute; “inertziei erantzutea, sistemaren erritmoen menpe uzten gaitu. Egoera irauli nahi badugu, iniziatiba guk izatea beharrezkoa da”.

Sakanako gazte asanbladetako kideek jardunaldietan, hasteko, euren proiektua definituko dute. Horretarako, zuzentzen diren gazteriaren sektoreaz, gazte asanbladez eta gaztetxeen proiektuez hizketatuko dira. “Eztabaida hauen bidez, gure helburura iristeko bidea argitzen saiatuko gara”.

Egitaraua
Azaroak 1, osteguna
11:00etan Gazteria langile klasean hitzaldia. Gazteriaren subjektibitateaz hausnartzen. Zertan eragiten gaitu gazte izateak? Arbizuko Argi-bidean.

Azaroak 17, larunbata
11:00etan Zer da langile klaseko kide izatea? Hitzaldia. Langile klasearen definizioaz hausnartzen. Iturmendiko Ximona gaztetxean.

Abenduak 6, osteguna
11:00etan Herri eskola, Ikasle Abertzaleak-ek antolatuta. Etxarri Aranazko gaztetxean.
16:00etan Zer dira gune autogestionatuak? Errekaleor, Maravillas eta Lizarrako gaztetxeetako kideekin. Sistemaren hutsuneak gestionatzeko espazio soilak eta sistema bera gainditzeko proiektu politikoak? Etxarri Aranazko gaztetxean.
19:00etan Jai egun arrotzei intsumisioa! manifestazioa, Etxarri Aranatzen.

Abenduak 15, larunbata
11:00etan Gazte asanbladen funtzioa borrokan hitzaldia. Zer funtzio izan dute gazte asanbladek Euskal Herriko borrokan? Gazte asanbladen inguruko eztabaidak gogoratuz. Altsasuko gaztetxean.

Abenduak 26, asteazkena
11:00etan Sakanako gazte asanbladen bilakaera mahai-ingurua. Hizlariak ibarreko gazte asanbladetako kide ohiak. Nola sortu ziren Sakanako gazte asanbladak? Zeintzuk izan dira egondako eztabaida nagusiak? Urdiaingo Benta gaztetxean.