guaixe.eus

"Big data" eta traktoreak

  Kultura  Sakana

kolaboratzaileak

Atzo lagun batek ikaratua kontatu zidan duela pare bat egun traktore bati argazki bat atera ziola eta ordutik mugikorrean agertzen zaizkion publizitate guztiak nekazaritzarekin zer ikusia dutela. Leku guztietan lurra lantzeko makinak eta tresneria agertzen zaizkio hain hiritarra den lagunari. Baina nola liteke, Iune, inoiz ez badut argazkia inon zabaldu hau gertatzea?

Erantzuna erraza da: kontrolatzen gaituzte. Google-en Androidek eta Apple-en mugikorrak "big data" delakoa jasotzeko gailu perfektua bihurtu dira; etengabe jasotzen dituzte gure datuak, non gauden, zer egiten dugun, zeinekin gauden edo zer edo nor gustatzen zaigun. Datu hauek guk kontzienteki edo inkontzienteki zabalduak dira. Sare sozialetan, adibidez, gure bizitzako momentu ederrenak lau haizeetara zabaltzen ditugu, nahiz eta gero gure etxeko gortinak itxi. Baina badira inkontzienteki ematen ditugun datuak ere, traktore bat gustatu zaigula edo okerragoa dena, etengabe non gauden, nahiz eta GPSa desgaitua mantendu.

"Big data" hauen poltsari geroz eta ekarpen gehiago egiten dizkiogu, mugikorraren bitartez geroz eta gauza gehiago egiten ditugulako. Orain bankuek ere mugikorren bidez erosketak ordaintzeko aukera ematen digute eta horrela gutaz daukaten perfila handitu dezakete.

Gehiengoak berdin zaiola erantzuten du guzti hau kontatzen diozunean. Baina gero, Facebooken bitartez Estatu Batuetako hauteskundeetan eragin dutela irakurtzen dugunean #deleteFacebook (#facebookBorratu) bezalako kanpainak sortzen dira. Hori da gure informazioa jasotzearen ondorio larriena, gero informazio hori gu manipulatzeko erabili dezaketela, eta oso erraz gainera. Gutaz zenbat eta gehiago jakin, orduan eta errazago manipulatuko gaituzte.

Dakigunez, milaka pertsona manipulatu zituzten Trumpen aldeko bozka emateko, eta zuk, zer traktore erosi nahi duzu?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak