Giro bikaina gazte egunean

Guaixe 2018ko urr. 29a, 15:09
Gazte egunean barazki gunean bazkaldu zuten. Argazkia: IAGA

Gazteek hotzari aurre egin zioten eta euren eguna ospatu zuten larunbatean. Hotz handia zegoenez, bezperako afaria eta kontzertua Larrazpi gazte elkartean egin zuten. Afaltzera prestaketa lanetan aritutako 30 bat gazte elkartu ziren. Kopurua bikoiztu egin zen Enara Urra, Lucia Zuñiga eta Lucia de la Pisa entzuteko. Biolin, zeharkako txirula eta gitarraz lagundu zituzten euren ahotsak kontzertu akustikoa eskaintzeko.

Negu-giroak ez zituen gazteak kikildu eta larunbatean barazki-gunen 140 bat elkartu ziren bazkaltzera. Bazkariko gazte gazteenari eta zaharrenari aitortza egin zieten. Bazkaldu ondoren, bingo musikatua izan zuten. Hura despedituta auzolanean guztia jaso eta 3indarrok elektro-txarangarekin barazki-gunean bertan izan zen eta eguraldiak aukera eman zienean kalejira laburra egin zuten. Hura despeditzean euskararen aldeko argazkia egin zuten. Gazte eguna kontzertuekin despeditu zen. Etxeko taldeak, Txartoak, bere publikoa oholtzara igoarazi zuen eta haiekin batera kantuan aritu ziren. Katez leitzarren hardcore doinuen ondoren Trikidantzek plaza-giroa jarri zuen. Despeditzeko, Erbil disko-jartzailearen doinuak izan ziren. 06:45ean kiroldegiko argiak piztu eta jendea etxerako bidea hartu zuen.

Irurtzun Arakilgo Gazte Asanbladatik azaldu digutenez, eguna behar bezala atera zedin garbiketan, antolakuntzan, sukaldean eta bestelako lanetan 70 bat pertsonak parte hartu zuten.