Erregionala: Lagun Arteak galdu eta Altsasuk berdindu

Guaixe 2018ko urr. 29a, 15:24

Erregional maila. 8. jardunaldia: San Ignacio 2 – Lagun Artea 0 / Lagunak B 2 – Alsasua 2

Azken jardunaldiko garaipenek ez dute segidarik izan eta asteburu honetan galdu eta berdindu egin dute erregional mailan dabiltzan bi talde sakandarrek. Iruñean San Ignacio taldea izan zuen aurkari Lagun Arteak. Oso partida lehiatua izan zen eta bosgarren minuturako Bouk San Ignacio aurreratu zuen. Bi taldeen gol saiakerek segida izan zuten baina markagailua ez zen gehiago mugitu lehen zatian. Atsedenaldia eta gero, gol aukerak sortu zituzten bi taldeek, Lagun Arteak dena eman zuen, baina, azkenean, San Ignacio izan zen gola sartu zuena; Iruñakoek penaltiz sartu zuten bigarren gola eta lakuntzarrak punturik gabe eta lidergoa galduta itzuli ziren etxera.

Altsasuk Barañain izan zuen aurkari Iruñerrian. Imanolek Altsasu aurreratu zuen 11. minuturako. Baloia azkar mugitu zuten bi taldeek, baina gol gehiagorik gabe despeditu zen lehen zatia. Bigarren zatia hasi eta berehala bana berdintzea lortu zuen Lagunak taldea. Imanolek Altsasuren aldeko bigarren gola sartu zuen 63. minutuan eta, atzera ere, berdindu zuen Lagunak taldeak. Arbitroak Altsasuk ate propioan sartutako gola bertan behera utzi zuen eta puntu banaketarekin despeditu zen partida.

Galdu eta gero, Lagun Arteak erregional mailako lidergoa galdu du. Hain zuzen ere Lagunak taldea da liderra (20 puntu) eta Lagun Artea bigarrena da, puntu batera (19 puntu). Altsasuk hirugarren postuari eusten dio (17 puntu). Asteburuan Lagun Arteak Lagunak liderra hartuko du eta bi taldeek lidergoa izango dute jokoan ikusmin handia piztu duen partidan. Bestalde, Altsasuk 13 punturekin seigarrena den Leitzako Aurrera taldea hartuko du.