Lannes eta Etxeberria azkarrenak rollerskian

Guaixe 2018ko urr. 30a, 13:56

XII. Uharte Rollerski Saria jokatu zen larunbatean Etxarri Aranatzen. Helduen mailako proban (9,8 km) 43 rollerskilarik osatu zuten proba eta 14 urtetik beherakoan (2,8 km) 14 rollerskilarik

Etxarri Aranatz eskiatzaileen eta rollerskilarien topaleku izan zen larunbatean. Uharte Ipar Eski taldeak eta Irrintzi Ski taldeak antolatuta, XII. Uharte Rollerski Saria jokatu zen, Euskal Herriko Rollerski Ligarako baligarria zen proba. Etxarri Aranazko Udalaren eta Sakanako Mankomunitatearen laguntza izan zuten antolatzaileek, eta hainbat entitate eta komertzioen babesa.

Rollerskia elurra ez dagoenean eskia lantzeko modalitate gisa sortu zen, entrenatzeko, teknika hartzeko eta baita eskian ikasteko ere bai. Baina hasieran entrenamendu hutsa izateko jaio zen modalitatea hazi egin da eta egun makina bat eskiatzaile aritzen dira rollerski probetan.

Bernar Garziandia 17.a
Etxarri Aranazko proba rollerski klasikoa izan zen. Klasikoan, raollerskiko gurpilak ez dira atzeraka mugitzen, soilik aurrera, eta eskiatzen bezala doaz kirolariak, rollerskiak paralelo dituztela. Eguraldia nahiko kaxkarra izan zen, baina hala ere guztira 57 rollerskilarik osatu zuten proba eta hainbat sakandar gerturatu ziren momentuz hemen oso ohikoa ez den kirola gertutik ezagutzera. Horietatik 43 helduen proban aritu ziren (9,8 km). Lizarragabengoatik atera ziren, denak batera (Mass Start irteera) eta Berroetako bidetik Etxarri Aranatzera iritsi ziren. Han, Bakaikurantz jo zuten, eta gasolindegi ondoko errotondan buelta hartuz, Etxarriko sarrerako errotondora jo zuten. Errotondatik errotondora bitarteko zirkuituari bi buelta eman eta gero, Etxarriko sarrerako errotondan izan zuten helmuga. Gizonezkoetan Carlos Lannes izan zen azkarrena (23:50), Unai Sanz (23:51) eta Josu Erkizia (23:52) rollerskilarien aurretik. Aipatzekoa da Bernar Garziandia etxarriarra 17.a sailkatu zela (33:08). Emakumezkoetan, aldiz, Hernar Etxeberria gailendu zen (28:49), Naia Saez (29:55) eta Elisa Hernandez (30:33) kirolarien aurretik. Etxarri Aranazko Olga Garziandiak ezin izan zuen aritu, Jakako teknifikazio taldearekin Italian kontzentratuta zegoelako.

Bestalde, 14 urtetik azpikoek 2,8 km-ko distantzia osatu zuten, Etxarri Aranatzen. Kasu honetan 14 rollerskilarik osatu zuten proba. Emakumezkoetan Nahia Iturria (11:09) izan zen azkarrena, Naroa Morenoren (11:15) eta Maialen Montoyaren (11:56) aurretik. Eta gizonezkoetan Ibai Aramendia (11:13) aurreratu zitzaien Maren Velazquezi (11:49) eta Urtzi Goñiri (11:55).

Bukaeran kirolari guztiak auzate ederrean bildu ziren, eta antolakuntzak opari ugari zozketatu zituen eruren artean. Hurrengo egunean horietako askok Beorburuko IV. Rollerski Igoeran hartu zuten parte, Ollakarizketatik Beorbururaino bitarteko 6 km-ko igoera gogorrean.