Olaztik hartuko du Sakanako Herri Lasterketa

Guaixe 2018ko aza. 2a, 14:06

Bihar, larunbatean, 16:00etan kategoria txikikoen probak jokatuko dira, 17:00etan helduen lasterketa eta Errefuxiatuen Aldeko Martxa

Olaztin jokatuko da, bihar, larunbatean, XVIII. Sakanako Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusia. Sakanako Mankomunitateko Kirol eta Anitzartean Kulturartekotasun zerbitzuek antolatu dute proba, Dantzaleku Sakana Atletismo Klubaren, Olaztiko Udalaren, Sutegi klubaren, Santa Ana eta San Migel elkarteen, eta HEPNA eta Sakana Harrera Arana taldeen laguntzarekin. Burundesa da babesle nagusia, Olaztiko eta Sakanako beste hainbat babeslerekin batera. Sakanako Herri Lasterketa aurrera eramaten duten pertsona, erakunde eta babesle guztiei “eskerrik beroenak” eman dizkie Sakanako Mankomunitateak.

Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak azaldu duenez, Sakanako Herri Lasterketaren helburua atletismoa sustatzea da. «Atletismoak beti indarra izan du gurean. Hor dago Dantzaleku Sakana taldea, proba honetan ere laguntzaile izango duguna. Bestalde, Sakanan atletismo lasterketa asko daude; horregatik sortu zen Sakana Atletismo Kopa. Korrikalari asko ditugu gurean. Askok azaroaren 11n jokatuko den Behobia-Donostian parte hartuko dute, eta Behobia lasterketa prestatzeko Sakanakoa aukera paregabea da”. Kirol teknikariak gaineratu du Sakanako Herri Lasterketarekin “gure herriak, gure kultura eta euskara bulkatu” nahi direla, eta horregatik “lasterketa urtero herri ezberdin batean” antolatzen dutela, Sakanako herri ezberdinak erakusteko, eta euskarrietan euskararen presentzia sustatzen dutela.

Ongi etorri errefuxiatuak
Aurreko urteari jarraiki, lelo hori izango du Sakanako Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusiak. Izan ere, Sakanakoa ez da lasterketa arrunta izanen. «Lasterketa herrikoi bat antolatzea da xedea, baina kirol, kultur eta izaera soziala izango duena, kasu honetan errefuxiatuen aldekoa. Sakanako herri lasterketan gurean dauden beste sentsibilizazio batzuk zabaltzeko aprobetxatu nahi dugu, kasu honetan errefuxiatuen eta etorkinen gaia. Horregatik gehitu diogu lelo hori lasterketari» azaldu dute antolatzaileek. Horrela, lasterketa nagusia hastearekin batera, “Errefuxiatuen Aldeko Martxa, Ongi etorri errefuxiatuak” abiatuko da, 2,5 km-ko oinezko martxa.

Arratsalde guztian, errefuxiatuen gaia lantzeko Sakana Harrera Haranaren eta HELPNA taldearen, Larrialdi Humanitarioetarako Nafarroako Suhiltzaile Bolondresen taldearen inguruko informazioa jaso ahal izango da Olaztin jarriko diren postuetan. Azken hauek Greziako errefuxiatuen kanpamenduetan lan handia egiten dute. Bi elkarte hauen informazioa jasotzeaz gain, Serbiako eta Greziako errefuxiatuen errealitatea eta bizipenak zuzenean ikusi eta entzuteko aukera izango da.
Arratsalde osoko egitaraua antolatu dute, eta, horrela, arratsaldeko 16:00etan kategoria txikikoen lasterketak hasi baino lehen, 15:30ean magia ikuskizuna eskainiko du Maksim Magoak.

Haurrak 16:00etan eta helduak 17:00etan, martxarekin batera
Aurten Sakanako Mankomunitateak ordu bat aurreratu ditu probak, lasterketak ilundu baino lehen amaitzeko. Horrela, Sakanako Herri Lasterketako kategoria txikiko probak 16:00etan hasiko dira. Aurrebenjaminak (200 m), benjaminak (400 m), kimuak (800 m) eta haurrak (1200 m) ariko dira, hurrenez hurren.

Kadeteak, aldiz, helduekin batera ariko dira, 17:00etatik aurrera hasiko den nagusien proban, eta Olaztiko kaleetan barna prestatutako zirkuituari bi buelta emango dizkiote (5 km). Aldiz, gazteek, seniorrek eta beteranoek hiru buelta emango dizkiote zirkuituari (7,5 km). Jakina denez, lasterketa Sakanako Kopa-Lasa Kirolak Sarirako baliagarria izango da.

Lasterketa nagusiarekin batera, Errefuxiatuen Aldeko Martxa abiatuko da, oinezkoa. Kasu honetan, Olaztin prestatutako zirkuituari buelta bat eman beharko diote izena ematen dutenek, 2,5 km osatuz. Ekimen irekia da eta nahi duten orok har dezakete parte, doan.

Mank-ek 100 neska-mutiko ingururen eta 80 heldu ingururen parte-hartzea espero du, baina kirol proba guztietan bezala, eguraldiak aginduko du. Aurreko urtean, Uharte Arakilen, proba nagusian 91 korrikalarik hartu zuten irteera eta 75ek lortu zuten proba despeditzea, 38 sakandarrek tartean. Irungo Victor Madejon eta Cabanillasko Aitana Gil gailendu ziren. Errefuxiatuen Oinezko Martxa egitera, aldiz, 20 pertsona inguru animatu ziren.

Izena ematea zabalik
Edonork parte har dezake Sakanako Herri Lasterketan, proba irekia da, baina Mank-etik sakandarrak animatu nahi dituzte bereziki. Izena ematea aurretik www.kirolprobak.com web gunean egin daiteke, gaur, ostiralean, 21:00ak arte, eta bestela bihar, probako egunean bertan, 15:00etatik 16:30era, Olaztiko pilotalekuan. (Kategoria txikikoek, kadeteak eta gazteak barne eta Errefuxiatuen Aldeko Martxakoek dohain dute parte-hartzea; nagusiek, aldiz, 10 euro ordaindu beharko dituzte txip horia badute eta 11 euro alokairudun txip txuria behar dutenek). Argibide gehiagorako Mank-eko kirol zerbitzura jo daitek (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus).

Sari ematea
Sari ematea 18:00ak aldera izango da. Sakanako Herri Lasterketako lehenengo hirurek eta lehengo hiru sakandarrek, gizonezkoek eta emakumezkoek, saria izanen dute, bertako produktuak. Horretaz gain, lehenengo kadeteek, jubenilek eta beteranoek, azken hauek hiru mailatan, saria jasoko dute ere, eta Olaztiko lehenengo korrikalariendako ere saria egongo da. 
estalde, lasterketa bukatzen duten partaide guztien artean, Peio Goikoetxea masajistaren masajeak zozketatuko dira, herriko produktuak, partxis kolaboratiboa eta HELPNAren eta Sakana Harrera Haranaren kamisetak. Eta oinezko martxan parte hartzen dutenen artean bi pertsonendako bazkari edo afaria zozketatuko da.

Auzate berezia
Bukaeran, bildutako guztiendako auzate berezia izango da. Ohiko bertako jakiez gain, gurera bizitzera etorri diren jatorri ezberdinetako sakandarrek euren jaki tipikoak prestatuko dituzte.

Sakanako Herri Lasterketako egitaraua

15:00etan     Dortsalak jaso.
15:30ean      Magia ikuskizuna Maksim Magoarekin, plazan.

16:00etan     Kategoria txikikoen lasterketak.

17:00etan     Helduen lasterketa eta Errefuxiatuen Aldeko Martxa.

18:00etan     Helduen sari banaketa, auzate berezia eta henna margoketa Minaren eskutik
*Arratsaldean zehar Serbia eta Greziako errefuxiatuen argazkiak ikusi eta haien testigantzak ikusteko aukera izango da