Ezkurdia: “Momentu onean dago eta ea aprobetxatzen dudan; finala jokatzea ikaragarria litzateke”

Guaixe 2018ko aza. 1a, 16:18
Urrutikoetxea eta Ezkurdia, asteazkeneko material aukeraketan.

Igandean Bizkaian jokatuko duten Lau t’erdiko Txapelketako finalerdietako pilotak aukeratu zituzten asteazkenean Joseba Ezkurdiak eta Mikel Urrutikoetxeak. Arbizuarrak aipatu zuen orain arte egindakoak ez duela ezertarako balio, partida bakarrera jokatuko delako finalerdia, baina sentsazio onekin dagoela gaineratu zuen

Final laurdenetako ligaxkaren ondoren, asteburu honetan jokatuko dira Lau T’erdiko Txapelketako finalerdiak, partida bakarrera. Larunbatean Bengoetxea VI.a eta Altuna III.a lehiatuko dira Iruñeko Labrit pilotalekuan (17:00, ETB1) eta igandean, aldiz, Bilboko Bizkaian arituko dira Joseba Ezkurdia eta Mikel Urrutikoetxea (17:00, ETB1). Bi finalerdietarako ikusmina handia da, Labrit beteko da eta Bizkaiak ere sarrera handia izango du.

Asteazkenean Bizkaian bildu ziren Joseba Ezkurdia eta Mikel Urrutikoetxea, pilota aukeraketa egiteko. Biak gustura geratu ziren Martin Alustiza pilota hautatzaileak aurkeztutako pilotekin. “Pilotarekin aitzakiarik ez, gustura geratu naiz. Azkarrak eta fuerteak gustuko ditut, emandakoan mina egiten dutenak. Mikelen bat gustatu zait eta bestea lasaiagoa da, baina ez dago inolako aitzakiarik; guztiak onak dira lau t´erdian jokatzeko.

Arbizuarrak aitortu zuen faboritoa bera denaren ideiari buelta asko ez dizkiola ematen ari. “Orain arte egindakoak ez du ezertarako balio. Sentsazioak onak dira, ongi ikusten naiz, txisparekin, ligaxkan partida onak egin ditut, ea orain arte egindakoa aprobetxatzen dudan. Baina finalerdia partida bakarrera jokatu beharra dago”. Eguneroko entrenamenduetan kontzentratua dagoela gaineratu du arbizuarrak, “lana ahalik eta hobekien egiten eta listo”.

Urrutikoetxeak “goraka” egin duela deritzo arbizuarrak. “Oso konpletoa da, gauzak erraz egiten ditu, egiten duena ongi egiten du, erresto ikaragarria du, bolearekin txokora sartzen dizu pilota eta oso zaila da ateratzea… pilotari handia da. Partida zaila izango da, opari gutxi egin beharko dizkiot. Oso ongi jokatu beharra dut irabazteko. Baina inportanteena da oso ongi nagoela, ongi ikusten naiz eskutatik, fisikotik... eta dena ematea, hori da koxka. Partida borobila egin beharra dut irabazteko; momentu onean nago eta ea aprobetxatzen dudan”. Partida gogortzeari edo luzatzeari ez diola beldurrik nabarmendu zuen Ezkurdiak. “Orain arte egindako joko berdina egiten saiatu behar naiz. Sakea aprobetxatu, tantoan erritmoa jarri, pilota ahalik eta azkarren ibili… ea lortzen dudan. Berak erresto oso ona du eta bere sakeak ongi erantzun beharko ditut” aipatu zuen.

Urte ona izaten ari da arbizuarrarendako, eta Lau t’erdiko finalean egoteak borobilduko luke. “Urte ona izaten ari da eta horrek gogoak eta animoak ematen dizkizu aurrera egiteko. Binakakoa irabazi eta Buruz Burukoan ere ongi ibilita pausu bat aurrera eman dudala sentitu dut, eta konpetitiboa izaten ari naizela arlo denetan; horrek ilusioa ematen du, oilarrekin lehian egotea gauza handia da niretzat. Handia litzateke Lau T’erdiko finala jokatzea, aurten Nafarroan jokatuko dela kontuan hartuta, are gehiago. Aurten aukera izan nuen Buruz Burukoan, orain beste bat dut... dena eman nahi dut finalean jokatzea. Zaila dago, baina urtea ongi bukatzeko ikaragarria litzateke finala jokatzea”.