Patata bilketa eginen da igandean

Guaixe 2018ko aza. 3a, 09:59

Patata bilketako, Patata Operazioko irudia.

Urdiain eta Satrustegi artean eginen da, 09:00etan hasita.

Iruñeko Alegria peñako kideak 56. patata bilketa edo patata operazioa eginen dute igandean. Jaki bila etorriko dira Sakanara gero haiek Iruñeko Hermanitas de los Pobres edo Behartsuen Haurrideak kongrezioari emateko. 15 bat peñako kide etorriko dira jakiak jasotzera. Egiteko horretarako Abaigar eraikuntza enpresako kamioia, mojen furgoneta eta bi auto erabiliko dituzte. Patata bilketako segizioa Iruñeko Labrit frontoian elkartuko da 08:00etan. Herrietara iritsi dela adierazteko klaxon eta karraka hotsak erabiliko dituzte, patata bilketaren berri oihuka emanen dute ere.

Peñako kideak Urdiainen hasiko dute bilketa, 09:00etan. Etxarri Aranatzen gosaltzeko geldialdia egin eta gero Arbizura jo eta handik Unanurako bidea hartuko dute. Hirugarren urtea izanen da Ergoienako herrian bilketa egiten dena. Handik Satrustegira arteko herriz herriko ibilbidea eginen dute. Peñakideek “helburua zein den jakinda, sakandarrak eskuzabalak izatea” espero dute. Eta haien lana errazteko, “posible balitz, patata guztiak toki jakin batean edo batzuetan uztea laguntza handia litzateke. Bestela, guk ikusten ditugun tokiren batean egon daitezela, etxe batzuetan konturatu ez eta jaso gabe gelditu izan garelako”.