Ezkurdia lau t’erdiko finalera

Guaixe 2018ko aza. 5a, 13:28

Bilboko Bizkaia pilotalekuan aurrelari arbizuarrak 17 eta 22 irabazi zion Mikel Urrutikoetxeari, partida bikaina jokatu eta gero. Ezkurdiak Altuna III.aren kontra jokatuko du kaiolako final handia, azaroaren 18an, Nafarroa Arenan

Atzo, igandean, Bizkaian jokatutako finalerdian Mikel Urrutikoetxeari 17 eta 22 irabazi eta gero, Joseba Ezkurdiak lau t’erdiko finala jokatuko du, merezitasun handiz. Larunbatean Labriten Bengoetxea VI.ari 22 eta 16 irabazi zion Jokin Altuna izango du aurkari azaroaren 18an Nafarroa Arenan jokatuko den final handian.

Zalantzarik gabe, urte gozoa bizitzen ari da aurrelari arbizuarra. Zabaletarekin batera Binakako Txapelketa irabazi eta gero, Buruz Burukoan lan ona egin zuen, udako festibaletan ongi aritu da eta Lau t’erdiari gogoz ekin zion. Egindako lan handiak emaitza izan du: lau t’erdiko final laurdenetako ligaxkan oso ongi aritu zen arbizuarra eta, igandean, finalerdia jokatu zuen txapelketan behetik gora egin duen Mikel Urrutikoetxearen kontra.

Arbizuarrak aurretik esana zuen bere jokoa egiten saiatuko zela: sakea aprobetxatu, tantoan erritmoa jarri eta pilota ahalik eta azkarren ibili, besteak beste. Eta horixe bera egin zuen. Horrela, 4 eta 8tik 4 eta 14ra joan zen arbizuarra, bolea, bi pareta eta sakeei esker. Izan ere, sakez 5 tanto egin zituen Ezkurdiak, bi, aldiz, Urrutikoetxeak. Baina Urrutikoetxeak ez zuen behera egin, tarte batean bere erritmoa ezarri zuen, bolearekin pareta bilatzen saiatu zen –horrela 7 tanto egin zituen– eta defendatzera behartu zuen Ezkurdia. Horrela, 15 eta 19 gerturatu zen Urrutikoetxea. Ezkurdiak arriskatu zuen, sakeak airez erantzuten hasi zen eta erritmoa aldatu zion partidari. Bi paretetako bolada ikusgarriarekin bukatu zuen tantoa. 15 eta 21 aurreratu zen arbizuarra, baina bizkaitarrak bi tanto egin zituen segidan eta 17 eta 21 gerturatu zen. Azkenean, bi paretetako sotamano batek eman zion garaipena Arbizuko aurrelariari, urrezko garaipena, azaroaren 18ko Nafarroa Arenako lau t’erdiko finala jokatzea ahalbideratzen diona.

Egindako lanaren emaitza
Ezkurdia hunkituta zegoen partida bukaeran. “Oso kontentu nago. Oso kontzentratuta egon naiz, partidari erritmoa jarri diot eta banekien erabakiak nik hartu behar nituela, ezin nuela espekulazioetan aritu. Kontzientziatua nengoen nik hartu behar nuela ardura, eta argi nuen tanto bakoitzean zer egin. Oso ausart jokatu beharra nuen. Garaipena lortu ahal izan dit eta hori azken urteetan egindako lan handiari esker izan da” adierazi zuen arbizuarrak.

Finalerdia baino lehen arbizuarrak azaldu zuen handia litzatekeela lau t’erdiko finala jokatzea, aurten Nafarroan jokatuko dela kontuan hartuta are gehiago. Helburu hori lortuta, txapela janztea da orain hurrengoa. Horretarako Altuna mendean hartu beharko du. Azaroaren 18ra bitartean finala prestatzeko tartea izango du arbizuarrak, komunikabideak atenditzekoa eta beste. Eta Arbizun beste final bat prestatzen hasi beharko dira.