Lagun Arteak ezin izan zuen lidergoa berreskuratu eta Altsasuk galdu egin zuen

Guaixe 2018ko aza. 5a, 15:57
Lagun Artea eta Lagunak taldearen arteko partidako une bat.

Erregional maila. 9. jardunaldia: Lagun Artea 1 – Lagunak B 1 / Altsasu 1 – Aurrera 2

Lagunak liderra hartu zuen sailkapen orokorrean bigarrena den Lagun Arteak Lakuntzako Zelai Berrin. Bi taldeek lidergoa zuten jokoan eta Lagun Arteak atzera ere lider izateko aukera paregabea galdu zuen. Lagun Arteak hartu zuen partidaren zama eta lakuntzarrek agindu zuten; Unaik Lagun Artea aurreratu zuen 19. minutuan eta partidak bere horretan jarraitu zuen. Lagunak taldeak berdintzea lortu zuen jokoz kanpoko jokaldi bati esker eta puntu berdinketarekin despeditu zen partida. Lagun Arteak bi puntu ihes egiten utzi zituen, partidan jaun eta jabe izan baitzen.

Dantzalekun, aldiz, Altsasuk ez zuen ongi jokatu Leitzako Aurrera taldearen kontra. Altsasu saiatu zen, baina ez zuen bere jokoa egiteko aukerarik izan. Leitzarrak, aldiz, sendoago ibili ziren, indartsuago, eta jokaldi gehienetan gailendu ziren. Aurrera taldea penaltiz aurreratu zen markagailuan, baina Altsasuren erantzuna bikaina izan zen, Patxik berdintzea lortu baitzuen. Tamalez, atsedenaldia baino lehen Aurrera taldearen aldeko bigarren gola sartu zuten leitzarrek. Bigarren zatian Altsasu saiatu zen, baina Aurrerak ongi eutsi zuen eta hiru puntuak Leitzara eraman zituzten.

Lakuntzako berdinketari esker, erregional mailako liderra Lagunak B taldea da (21 puntu). Lagun Artea bigarrena da (20 puntu) eta Altsasu laugarrena (17 puntu). Asteburuan Leitzan jokatuko du Lagun Arteak, hain zuzen ere sailkapenean bosgarrena den Aurrera taldearen kontra. Aldiz, Berriozarren ariko da Altsasu, sailkapenean seigarrena den Berriozarren kontra.