Sakandarrak XVIII. Sakanako Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusian
Gizonezkoak
1. Raul Gomez (Zubieta) 21:59
5.Iban Gonzalez (Urd) 23:33
6.Alberto Martinez (Lak) 23:35
7.Jon Otermin (Alts) 23:39
11.J.C. Gomez (Alts) 23:54
12.Raul Audikana (Olaz) 23:59
13.Joxeja Maiza (Etx) 24:00
14.Ivan Sobredo (Alts) 24:03
17.Javi Gasanz (Alts) 24:43
18.Fco. J. Gomez (Alts) 25:15
19.Jorge Azanza (Zior) 25:15
21.Iñaki Alvaro (Alts) 25:56
22.Fran Araña (Arb) 25:58
38.Santi Agirre (Iturm) 28:54
44.Juantxo Azurmendi (Alts) 29:38
57.Iñigo Orella (Etx) 33:15
66.Xabier Ramirez de Alda (Alts) 44:04
Emakumeak
24.Aitana Gil (Cabanillas) 26:04
25.Izaskun Beunza (Olaz) 26:04
39.Erkuden San Martin (Etx) 28:54
62.Ainhoa Markinez (Olaz) 36:00
Larunbat arratsaldekoa egun elegantea zen korrika egiteko. Eguraldi freskoa, baina eguzkitsua eta ateri. Korrika egiteko ezin hobea. Eta hori aipatu zuten behin eta berriz Olaztin bildu ziren korrikalariek. Sakanako Mankomunitateak Burundesaren eta hainbat babesleren laguntzarekin antolatutako XVIII. Sakanako Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusia zegoen jokoan. Lehenik eta behin kategoria txikiko lasterketak jokatu ziren, 16:00etan, eta ondoren proba nagusia abiatu zen (7,5 km). 70 korrikalari aritu ziren proba nagusian, eta beste horrenbeste kategoria txikietan. Aipatzekoa da Olaztiko lasterketa Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak sarirako baliagarria zela.
Gilen eta Beunzaren arteko lehia estua
Proba nagusian, Olaztiko kaleetan barna prestatutako zirkuituari 3 buelta eman behar izan zizkioten korrikalariek (7,5 km). Raul Gomez zubietarrak aurrea hartu zuen eta bakar-bakarrik heldu zen helmugara (21:59), Jon Ander Cabero gipuzkoarrari 14 segundo aterata (22:13). Hirugarrena Beteluko Xabier Satrustegi sartu zen (22:49).
Emakumezkoetan, aldiz, Sakanako Herri Lasterketako iazko garaileak eta iazko bigarrenak, Cabanillaseko Aitana Gilek eta Olaztiko Izaskun Beunzak, lehia oso estua izan zuten, aurreko urtean Uharte Arakilen bezala. Aurten, Olaztin, elkarrekin iritsi ziren helmugara, Aitana Gil buru zela (26:04). Izaskun Beunzak denbora bera egin zuen, bigarrena (26:04) eta Usabalgo Oihana Ortizek osatu zuen podiuma (26:34).
Sakandarrei dagokienez, 19 sakandarrek lortu zuten proba nagusia bukatzea. Gizonezkoetan azkarrena Iban Gonzalez urdiaindarra izan zen, helmugan bosgarrena (23:33), eta emakumezkoetan Izaskun Beunza olaztiarra (26:04). Raul Audikana (23:59) eta Izaskun Beunza izan ziren lehen olaztiarrak.
Kadete guztiak elkarrekin podiumean
Kadeteak nagusiekin aritu ziren eta zirkuituari bi buelta eman zizkioten, 5 km osatuz. Bost mutilek hartu zuten parte kadete mailan eta bostak elkarrekin igo ziren podiumera, haiek eskatuta. Manex Zufiaurre etxarriarra, Aitor Augusto altsasuarra, Adrian Martinez lakuntzarra, Xabi Ieregi arbizuarra eta Bassir Said olaztiarra izan ziren. Beteranoei dagokienez, 35 eta 49 urteko mailan Raul Gomez eta Ana Cruz Oiarzabal izan ziren lehenak, 50 eta 59 urte arteko mailan Francisco Javier Gomez gailendu zen eta ez zen emakumerik aritu, eta 60 urtetik gorako mailan Gotzon Auzmendi eta Angela Gonzalez izan ziren onenak.
Sakanako Herri Lasterketa atletismo proba bat baino gehiago da. Mank-eko Kirol Zerbitzuaz gain, Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuak ere parte hartzen du antolakuntzan, eta lasterketa herrikoia izateaz aparte, izaera soziala duen proba izan nahi du. Mankomunitatean eta ibarrean errefuxiatuen gaia lantzen denez, gai hori lasterketara eman zen. Horrela, Maksim magoaren ikuskizunarekin hasi zen Olaztiko atletismoaren festa, eta probak jokatu bitartean errefuxiatuei buruzko informazioa eta haien testigantzen berri jasotzeko aukera izan zen Olaztin, Mank-eko Kulturartekotasun Zerbitzuak eta Sakana Harrera Harana eta HELPNA taldeek jarritako mahaietan. Aipatzekoa da ere Errefuxiatuen Aldeko Oinezko Martxa ere helduen probarekin batera abiatu zela. Kasu honetan, Olaztiko zirkuituari buelta bat eman zioten (2,5 km), oinez.
Auzate bikaina, jatorri ugarikoa
Proba bukatuta, auzate bikainaz gozatzeko aukera izan zuten Sakanako Herri Lasterketan parte hartu zuten korrikalari guztiek, helduek, gaztetxoek eta Errefuxiatuen Aldeko Oinezko Martxan parte hartu zutenek. Bertako ohiko produktuez gain, Marokoko eta Siriako jaki goxoak dastatzeko aukera izan zuten. Sari ematean, podiumera igo zirenenek bertako produktuak jaso zituzten eta, horretaz gain, antolakuntzak afari-bazkariak, tratamenduak, kamisetak, bertako produktuak eta beste zozketatu zituen.
Balorazioa
Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuko teknikari Amaia Gerrikagoitiak Sakanako Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusiko balorazio positiboa egin du. “Ikusita egun berean Iruñean Harresien Lasterketa jokatzen zela eta Altsasun “Utzi Altsasu bakean” manifestazioa deituta zegoela, pozik gaude partaidetzarekin, helduen proban 70 kide eta kategoria txikietan beste horrenbeste aritu zirelako. Aldiz, Errefuxiatuen Aldeko Martxan ez zen parte-hartze handia egon; ildo honetan, badugu hobetzeko” azaldu du teknikariak. Halaber, Olaztin sortutako giro polita azpimarratu zuen. “Olaztin bildu zen jendartean aniztasun handia zegoen, eta auzatea berezia izan zen, hemengo ohiko jakiez gain, marokoarrek eta siriarrek prestatutako jakiak baitzeuden. Frontoian oso giro polita sortu zen” gaineratu du. Azkenik, esker oneko hitzak izan ditu laguntzaileendako. “Olaztiko Udala, Sutegi kluba eta Santa Ana elkarteko ordezkarien laguntza eskertu nahi dut, babesleen laguntzarekin batera, euren laguntzarik gabe lasterketa ez baitzen posible izango” aitortu du teknikariak.