Bigarren mailako jokalariak

Maider Betelu Ganboa 2018ko aza. 8a, 12:08
Igoak, Cerezok eta Canterok Mulierren jarraitzen dute eta Vilariño Aurrera de Vitoriara joan da.

Irati Igoak, Aroa Cerezok eta Ane Canterok 2. mailako Mulier taldean jarraitzen dute eta Maitane Vilariño Mulierretik Aurrera Vitoria taldera joan da

Futboleko Emakumezkoen 2. mailan lan handia egiten jarraitzen dute Sakanako futbolariek. Irati Igoa etxarriarrak eta Aroa Cerezo lakuntzarrak aurreko denboraldian debutatu zuten Mulier taldean eta bertan jarraitzen dute, aurretik taldekide zen Ane Cantero altsasuarrarekin batera. Aldiz, aurreko urtean Mulierren ibili zen Maitane Vilariño olaztiarrak atzera ere bere aurreko taldera, Aurrera de Vitoriara jo du.

Irati Igoa aurrelariak azaldu digunez, aurten Emakumezkoen 2. mailari ez dio oso ongi ekin Mulier taldeak. “Gaizki hasi gara baina bagoaz, gutxika goraka. Hurrengo urtean kategoria berri bat sortu behar dute, eta, horregatik, helburua gutxienez bosgarrenak geratzea da; bestela, ahalik eta gorenen geratzea” azaldu digu Igoak. Debut bikaina egin zuten Igoak eta Cerezok eta Mulierren partidetako deialdietan ohiko jokalariak dira. Ane Canterok, aldiz, lesionatuta jarraitzen du eta nahiz eta Mulierreko taldekide izan, momentuz ezingo da aritu, dituen arazoak gainditu arte.

Bestalde, Maitane Vilariño olaztiarrak Mulierretik Aurrera de Vitoria taldera egin du aldaketa. Bi taldeak Emakumezkoen 2. mailako 2. multzoan aritzen dira, beraz, aurreko urteko taldekideak aurkari izango ditu aurten Vilariñok.

Aurrera de Vitoria 6.a eta Mulier 8.a
Emakumezkoen 2. mailako 2. multzoan, 8 jardunaldi jokatuta, Deportivo Alaves da liderra (22 puntu). Aurrera de Vitoria 6.a da (12 puntu) eta Mulier 8.a (9 puntu). Igandean, Mutiloan, Mulierrek sailkapenean arerio zuzena duen Berriozar taldea hartuko du, 12:30ean. Berriozar 9.a da sailkapenean (7 puntu) eta, beraz, derbia izateaz gain, sailkapeneko postua eusteko partida izango da igandekoa. Aurrera de Vitoriak, aldiz, Oliver taldea hartuko du.